Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jon Mariezkurrena, Lantzeluzetik urrun

Txapelketako izarretako bat izaten ari den atzelariak ez du Nafarroan jokatuko, lehen itzulian behintzat.

«Lantzeluzetik binakako finalera, aupa Jon» zioen igandean Astelenako erreboteko harmailetan zintzilikatutako pankarta batek. Berriozarreko pilotalekuaren izena da Lantzeluze eta bertan ordu asko eman dituzte mariezkurrenatarrek, aitak pilota eskolako monitore moduan eta Iker eta Jon anaiek entrenatzen. Katedraleko besaulkietan pankarta jarri zutenek, ordea –bi autobus antolatu zituen Zulo Alai elkarteak igandean Eibarrerako–, kilometro dezente egiten jarraitu beharko dute pilotariaren partidak bertatik bertara ikusten jarraitu nahi badute; izan ere, lehen itzuli osoan, behinik behin, ez baitu Asegarceko pilotariak partidarik jokatuko Nafarroan. Bigarren itzuliko zirriborroan ere, printzipioz, Artola-Mariezkurrena II.ak ez du Bilboko enpresaren frontoirik erabiliena den Labriten, Berriozarretik bertan, jokatuko.

Apustu arriskutsua egin zuen Asegarcek Mariezkurrenarekin, profesionaletan debuta egin eta lau hilabetera txapelketa garrantzitsuenean titular sartuz eta esan daiteke atzelari gaztearen maila bikainak enpresako ordezkariak eurak ere ezustean harrapatu dituela. Pentsa, lehen zazpi jardunaldietan bost partida programatu dituzte Bonboneran eta bakarrean ere ez dute ilehorien partidarik iragarri eta lehen itzuliko lehena ere, antza, Gipuzkoan jokatuko dute, Getarian hain zuzen ere. Lehen itzuli honetan 3 partida Tolosan jokatuko dituzte, 2 Eibarren, eta bana Bilbon eta Urretxun.

Emaitza bikainak

Emaitzen bermea bazuen Mariezkurrenak, Binakakoan debuta egin aurretik jokatutako 21 partidetatik 15 irabaziak baitzituen, baina, normala denez, lehen mailako txapelketa batean izan zezakeen erantzunak sortzen zuen zalantzarik gehien.

Txapelketaren aurkezpen egunean Unai Iglesiasek azaldu zuen Mikel Larunberen eskuko arazoek –larunbatean itzuliko da kantxetara bizkaitarra– bultzatu zituela Mariezkurrena sartzera, baina hiru partida nahikoa izan ditu enpresa barruko eskalafoia zalantzan jartzeko. Egutegia hala antolatuta dagoela eta, Asegarceko beste hiru bikoteen aurka jokatu dituzte lehen hiru jardunaldiak eta, Artola fresko baten laguntza itzelarekin, denetan izan da pareko atzelaria baino gehiago. Ezkerrez horrenbesteko konfiantzarik ematen ez duen arren, eskuinez parean izan dituen atzelari guztiak dominatu ditu, kantxan beterano bat bezala aritu da eta tarteka jokaldiren batekin ere ausartu da, konfiantzaz lepo dagoen seinale.

Eskuekin ere ez du aparteko arazorik izan orain arte eta hori izan liteke hurrengo galdera; txapelketa luze egin ote dakioke? Baina beti «tako askotxorekin» jokatzen omen du, honek pilota gozatzeko inolako trabarik egiten ez diola.

Orain arte aparretan dabil Jon Mariezkurrena, baina orain azterketarik zailena datorkio, segidarena. Gainera, egutegia ere dezente zailduko zaio, Aspeko bikoteen aurka aritu beharko baitu hurrengo lau asteetan. Aurkari berriak, atzelari jotzaileak, material desberdina... Baina lagun eta pilotazaleak kilometroak egiteko prest ditu.

Mikel Larunbe larunbatean itzuliko da

Urriaren 12tik partidarik jokatu ezinda izan duen eskuko mina gaindituta, larunbat honetan itzuliko da Mikel Larunbe kantxetara. Hala iragarri du behintzat Asegarcek bere karteldegian. Iruñeko Labriten itzuliko da atzelari bizkaitarra, jaialdiko lehen partidan, Agirre lagun duela, Victor-Eskirozen aurka.

Binakako azken txapelketetan titular izan da galdakoztarra, orain dela bi urteko txapelketan finala ere jokatu zuen Oinatz Bengoetxearekin, baina oraingoan kide baten lesio baten edo enpresa erabaki baten zain egon beharko du lehiaketara itzultzeko.

Oraingoz, aste honetan ez da halakorik izango, Andoni Aretxabaleta igandean jokatzeko moduan egongo dela ematen duelako. Markina-Xemeingoaren eskuin eskuko zauria osatu da eta jokatzeko moduan izango dela uste du, baina lehenago gaur entrenamendu bat egingo du Bilbon eta bihar Donostian material aukeraketan izango da.J.O.