Jon ORMAZABAL
Zesta

Txapela, etxeko goxotasunean

Goikoetxea eta Lopez azken txapeldunak faborito direla, urtaroz eta luzeraz aldatuta jokatuko da aurtengo buruz burukoa Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.

Euren kirolean aritzeko, milaka kilometro egindakoak dira Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez puntistak; Milan, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko... Euskal Herrian zirenean ere herrian aritzea ez dute beti posible izan, orain dela bi urtera arte pilotalekurik ez zegoelako edo bertan aritzeko aukerarik eman ez dietelako bestela, baina urteko txapelik preziatuena, aurten urtaroz aldatuta datorren Buruz Burukoa, etxeko goxotasunean jokatzeko aukera izango dute datorren egunetan bi zumaiarrek, Aitzuri pilotalekuan jokatuko baita hurrengo bi asteetan.

Aldaketa nabarmenak izango ditu, beraz, azken hamar urteetan Munduko Pilota Batzarrak antolatu duen lehiaketa nagusiak. Kepa Arroitajauregi MPK-ko kirol arduradunak atzo adierazi zuenez, «aldaketa nagusia frontoi luzera pasatzea da. Azken bi urteetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu da txapelketa –38 metroko pilotalekua– eta aurten Zumaiakoan jokatuko da, –54 metrokoa–, berriz ere frontoi luzean, erremintan normalean jokatu ohi den neurrietan».

Pilotaleku mota batean edo bestean, jokatutako azken hamar txapelketetatik zazpitan Iñaki Osa Goikoetxeak jantzi du txapela, azkena 2016an Bizkaia pilotalekuan, eta aurten ere bera izango da txapela berreskuratzeko faboritoa. Publizitatea zela eta ez zela, iaz zumaiarrak ez zuen txapelketa jokatzerik izan eta gogo biziz izango da etxekoen aurrean bere lehen garaipena eskuratzeko.

Aurkari nagusia ere «etxekoa» izango du, Imanol Lopez. Berak jantzi zuen iazko txapela eta haren defentsa egitea tokatuko zaio herritarren aurrean. Txapelketak ere zumaiarren arteko final bat egon dadin diseinatutakoa dirudi, Lopez eta Goikoetxea lehiaketaren adar banatan sartuko baitira finalerdietan. Txapelketa, baina, larunbat honetan hasiko da. Jai Aliveren adarrean, Olharanek eta Olhak neurtuko dituzte indarrak eta horko garaileak Lopezen aurka jokatuko du hilaren 21ean. Gernikako lerroan, aldiz, Aimar eta Arbek jokatuko dute lehen kanporaketa eta horko garailearen zain izango da Goikoetxea.

Neguko txapelketa

Beste aldaketa nagusia normalean uda betean jokatzen den lehiaketa aurten Gabonetan izango dela da. «Orain arte Bilboko jaiekin batera izan behar zuen bertan jokatzen zelako, baina estu samar ibiltzen ginen Jai Alai World Tourreko lehiaketak, Iparraldeko jaialdiak eta txapelketa batera jokatzeko», azaldu zuen Arroitajauregik.

Asmoa ez zen agian horrenbeste berandutzea, baina tartean Munduko Txapelketa ere izan da eta Zumaiako Udalari ere egokia iruditu zaio partida hauek Gabon giroan jokatzea, bertako zaleek ere euren puntistarik onenen partidak bertatik bertara ikusi ahal izan ditzaten.

Honi buruzko guztia: Zesta