Amagoia MUJIKA
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Onintza Enbeita Maguregi, txapeldun

Onintza Enbeita Maguregi da Bizkaiko txapeldun berria, Bizkaiko lehen emakume txapelduna. Final irristakorrean, mailari erregularren eusten asmatu zuen muxikarrak; sinesgarri, arrazoia arrazoiaren gainean. Bere osaba Jon Enbeitak jantzi zion txapela. Aparteko unea.

Ederra Miribillako plaza, berriz. 4.350 bertsozale biribilean, oholtza eta oholtzakoak besarkatzen eta zortzi bertsolari lanerako prest. Plaza pankartaz lepo, bertsolarienganako maitasunaren seinale. Final irristakor samarra izan zen eta, azkenean, irristatu ez zen, mailari eutsi zion eta lana majo egin zuen Onintza Enbeitak jantzi zuen txapela. Segur aski, saioaren aurreko kiniela asko hankaz gora jarri zituen muxikarrak eta horixe kontatzen zuen bere aurpegiak, oholtzan, bere osaba Jon Enbeitaren zain besoak zabalik zegoela. «Bai, osaba, nik irabazi dut».

Buruz burukoaren atarian korridoreetako kinielak ireki samarrak baziren ere, Onintza Enbeitaren izena nahiko seguru jotzen zen. Hasi eta bukatu, ariketa guztietan eutsi zion eta oso beretik aritu zen, sinesgarri, langile, fin. Pulamentuz eutsi zion txapeldunaren makilari eta grazia berarekin hartu zuen txapela buruan.

Esan bezala, Enbeitak jantzi zion txapela Enbeitari; Jonek, Onintzari. Jon Enbeita bertso luze batekin zuzendu zen plazara: «Mila zorion loba Onintza txaloen soinu beroan/ disfrutatu gaur une gozo hau zeure zaleen ondoan/ eta txapela plazarik plaza duintasunez eroan/ beste partaide guztiak ere zelan ez izan gogoan/ bakarka inor ere ez gara darraigun erreleboan/ oraina laster iragana da keinuka dogun geroan/ etorkizuna sustraitu daigun ekosistema sendoan/ lankidetzaren pauso lasaian ez lehiaren su eroan/ trena hartu daigun baina jakinik nondik eta nora doan/ euskeraren erritmoan».

Onintza Enbeita txapeldunak ere oso gogoan izan zuen nondik datorren txapelaren eskaintzan. «Balentin zu izan zinen gurean lehen txapelduna/ gero etorri zan osaben ta lehegusuen eguna/ orain etxeko txikia bihotza ostu eutsuna/ makila eskuan dago, erdi negarrez tuntuna/ hamasei urtetik plazan, gaur lora, bihar asuna/ zuen altzoan egin naz ni neska bat ahalduna/ sentiduarazi nozue hain etxekoa kutuna/ plazaz plaza bueltau nahi dot jaso dodan maitasuna».

Bigarrena, 2016ko txapelduna, Etxahun Lekue. Final gorabeheratsua josi zuen, berezkoa duen erregulartasunetik oso urrun. Berak bukaerako agurrean aitortu zuenez, «montaña rusan» ibili zen eta, azkenerako, erori. Hamarreko txikiko lehen bertsoan poto egin zuen eta buruz buruzko bakarkako lehen bertsoan, beste bat. Mingarria izan zen, gainera, potoa egiterako konturatu baitzen larrabetzuarra potoa egitera zihoala eta, hala ere, ezin iskin egin. Arrastaka bukatu zuen ariketa. Baina, hala ere, pozik zegoen bukaeran, dramarik gabe.

Aupadak eta irristadak

Saioan barna, goranzko ertzak eta irristadak tartekatu ziren. Esan bezala, erregularrena txapelduna izan zen. Esaterako, bakarkako ariketa ederra osatu zuen. Bikoteari aitorpena egitea egokitu zitzaion eta oso modu sinesgarrian egin zuen. «... argi diñotsut ogerik oge nabilela errari hegan/ hemen zeozer apurtu egin da ta ez dakit garbi zer dan».

Buruz burukoan, Andaluziako kartzela batean dagoen ama bisitatzera joan nahi ez duen nerabearen ahotik bikain aritu zen seiko motzean. «...baina ez daukat lotsarik/ akordetako oraindik/ marroi honetan sartu nintzela erabaki barik».

Etxahunek saioan barna gauza oso eleganteak egin zituen, bere estiloan. Baina egia da normalean egiten ez dituen akatsak ere egin zituela.

Zortziko txikian marraztu zuen ertz nabarmen bat, Xabat Galletebeitiarekin. Gabonetako familia afari jendetsu batean, Xabat gustura eta Etxahun, alde egiteko keinuak eginez. Xabatek, «...keinuka ari zara etengabe aizu/ eztarrian zeozer trabatu al zaizu». Eta, Etxahunek, «bai zure familia da nik dodan traba/ txanpainik ez dau eta hartuko dot kaba/ kortxoa botako dut nire begitara/ ia eramaten nauzun urgentzietara».

Xabat, hirugarrena, nahi baino deserosoago aritu zen segur aski eta horrela aitortu zuen saioaren amaieran; «altxa dezala eskua egiten duenak dena ongi», kantatu zuen umorez.

Jone Uria oso indartsu hasi zen, abisua emanez agurretik. Gauza politak utzi zituen, baina bere mailatik urrunago ere aritu zen.

Nerea Ibarzabalek oso gauza politak egin zituen saioan barna, oso erraz bezala une askotan. Hamarreko txikian bikain aritu zen Xabat Galletebeitiarekin batera. Arropa denda bat ireki behar zuten eta manikiei begira jarri ziren, egokiak ziren edo ez. «Merkatuak baditu bere atakeak/ ta estu-estu lotzen gaituzten kateak/ hain ugariak dira hemen pasarteak/ guri begira daude neskato gazteak/ ispilu bihurtzen dira eskaparateak», bota zuen markinarrak. Bakarkakoan, baina, gaia ez zuen behar bezala ulertu. Pena.

Miren Amuriza ondo hasi zen, baina une batean sudurretik odoletan hasi zen eta okertu egin zitzaion pixka bat saioa. Euskal Herriko Txapelketako Iruñeko finalaurrekoa etorri zen plazaren akordura eta Amurizarenera, segur aski. Bukaerako agurrean umorez kantatu zuenez, «behin honezkero donante moduan hartuko nabe».

Eneko Abasolo Abarkas behetik gora etorri zen. Hamarreko txikian eta bakarkakoan, azken bi ariketetan, bete-betean asmatu zuen eta plaza gozarazi. Hamarreko txikian, adibidez, lagun baten hiletan kokatu zen, elizara sartu nahi ez zuela. «Tamalez gure Aitor betirako joan zen/ ta ni ordutik nabil minetan apurtzen/ gauero negar malkoz ni naizenez urtzen/ zertan ariko dira gezurretan gurtzen/ abadeak ez zuen bera ezagutzen», bota zuen bigarrena.

Aitor Bizkarra, finaleko gazteena, txapeldunaren pare aupatu zuen plazak bukaeran, benetan saio ederra josi zuelako eta arrasto propioa utzi zuelako.