Ariane KAMIO
ZARAUTZ
Elkarrizketa
LEIRE LOPEZ ZILUAGA
SUSA ARGITALETXEKO EDITOREA

«Esaldi bakoitzean eta hitz bakoitzean dena jokatzen dela badakien literatura horretan sinesten dut»

Joan den otsailean hartu zuen Susa argitaletxeko editore postua Leire Lopez Ziluagak (Gernika, 1981). Gorka Arrese izan du aurretikoa, hiru hamarkadatan editore aritua. Ikasketa prozesuan ari dela aitor du gernikarrak, eta garaian garaiko liburu sortak ateratzea du gertuko helburu. Literaturaz eta hastapeneko sentipenez aritu da elkarrizketa honetan.

Kontadazu zein izan den zure orain arteko ibilbidea…

Uau… (barreak). Literaturarekin lotuta edo orokorrean?

Nahi duzun bezala.

Itzulpengintza ikasi nuen unibertsitatean… eta itzultzaile aritu nintzen lanean lauzpabost urtez. Gero Bigarren Hezkuntzako irakasle izan naiz otsailera arte.

Tarte horretan Bartzelonan egon nintzen literatura ikasketak egiten; ez nituen bukatu… Zer gehiago? “Berria”-n aritu nintzen literatur kritikak idazten pare bat urtez, musikari buruz beste urtebetez… Kulturaren inguruan batez ere Astran formatu naiz. Astra da Gernikako…

 

Gaztetxea?

… Ez dakit nola definitu. Egitarau taldean egon nintzen urte askotan. Gero komunikazio lantaldean. Eta hor izan dut harreman gehien bai idazleekin, bai musikariekin, kulturarekin orokorrean. Orain dela urte asko poesia aste bat antolatu genuen, esate baterako.

 

Bitarte horretan irakasle zinen?

Bai, irakasle izan naiz 26 urte nituenetik edo. Bederatzi urtez. Pare bat urtez Bartzelonara joan nintzen berriro ere, baina bai. 

 

Eta nola bukatu duzu Susan?

Ez dakit (barreak). Gorka Arresek utzi egin zuen ia 30 urte eta gero eta prozesu bat hasi zuten orokorrean Susa birpentsatzeko eta horren barruan sartzen zen editore berria zein izango zen. Hainbat pertsonarekin hitz egin zuten, tartean nirekin, eta baiezkoa eman nuen.

 

Argitaletxearen zer ikuspegi zenuen sartu aurretik?

Nire gustuko argitaletxea izan da beti. Zentroan liburua jartzen duen argitaletxea iruditu zait beti, eta ez horrenbeste merkatua edo bestelako gauzak. Niretzat hori garrantzitsua da. 

 

Laster urtebete egingo duzu…

Otsailean.

…editore moduan. Ze sentipen izan dituzu hilabete hauetan?

Niretzat momentu honetan ikasten ari den editore bat naiz. Nire burua editore izendatzea kosta egin zait, ni ez nentorrelako… egia esan, ez dakit nondik datorren editore bat eta non egiten dituen editore ikasketak, baina kostatu zait. Ja ohitu naizela esango nuke. Baina urtearen lehenengo erdian… ez lekuz kanpo, oso gustuko lana delako, baina kosta egin zait hori asumitzea. Uste dut denbora luze batean ikasten ari den editore bat izango naizela. Ikasten, probak egiten, akatsak egiten eta hortik ikasten jarraitzen. Momentu honetan gauzak oso epe laburrean ikusten ditut, gauza asko lehen aldiz egiten ari naizelako. Lehenengo aldiz idazle batekin geratu nintzenean bertigo hori izan nuen, edo lehenengo aldiz liburu bat inprimategira bidali genuenean, edo orain lehenengo aldiz izan naiz Durangon. Elkarrizketa honen gainean pentsatzen ari nintzela pentsatu dut ez daukadala gauza asko esateko oraindik ez dudalako ikaspen nahikorik transmititzeko moduan.

Zerbait aldatu nahi duzu orain arteko Susatik?

….

Norabide beretik jarraitu nahi duzu? Gauza berriekin proba egin nahi duzu?

Bai, bai, pentsatzen ari naiz…. Bada pentsatzen dudan zerbait, baina oraingoz kosta egiten zait horren inguruko erantzun bat ematea. Kostatu egiten zait gustatzen zaidalako zerbait egiten hasi aurretik edo aldaketak egiten hasi aurretik Susa ondo ezagutzea. Eta oraindik ez dut ondo ezagutzen. Ezagutzen ari naiz gauza berri bat eta etorkizunera begirako aldaketez pentsatzeko denbora falta zait. Behar dut ezagutza handiagoa bai Susarena bai euskal literaturarena. Azken finean, orain arte kanpotik izan dut ikuspegi hori eta orain barrutik ikusten ari naiz, baina oraindik asko falta zaidala iruditzen zait. Askotan pertsona aldaketa bat dagoenean zer berri ekarriko duen begiratzen hasten gara, eta nik momentu batean sentitu nuen, baina niretzat ez da horrenbeste zerbait berria ekartzea, baizik argitaletxea eta euskal literatura ezagutzen joatea eta bide horretan gauzak ahalik eta ondoen egitea. Imajinatzen dut egiteko moduagatik ere aldatuko direla gauzak, baina ez naiz gai oraindik aldaketa horiek helburu bezala jartzeko.

Susan egon den aldaketa bat da orain batzorde editorial bat dagoela. Argitaratuko diren liburuak zein izango diren pentsatzerako orduan ez ditut erabakiak nik bakarrik hartzen, batzordearen laguntzarekin baizik. Hori izango litzateke aldaketa hori.

Lehen ez zegoen batzorde hori?

Egon izan da beste modu batean, baina ez horrela egituratuta.

Eta nortzuek osatzen dute batzorde hori, jakin badaiteke?

Isabel Etxeberriak, Itziar Ugartek, Jose Luis Otamendik, Maialen Berasategik, Marta Luxanek, Patxi Larrionek eta Xabi Bordak osatzen dute.

Otsailean hasi zinen. Pentsatzen dut Gorka Arresek prozesuan izango zituela liburu batzuk udaberriko kanpainarako…

Prozesuan ez. Liburuak nik hartu ditut hasieratik. Berak udazkenekoak bukatu zituen eta hor utzi zuen. Gauzaren bat bazegoen aurrez hitz eginda argitaratuko zela, baina lanean hasita behintzat ez.

Nolakoa da idazleekin duzun harremana?

Pertsona bakoitzarekin harremana desberdina da.

Literarioki esan nahi dut.

Bai, noski. Lan egiteko orduan esan nahi duzu?

Bai. Pentsatzen dut ez dela berdina izango ibilbide bat duen idazle batekin lan egitea edo lehenengo lana duenarekin.

Saiatzen naiz idazle baten kasuan eta testu bakoitzaren kasuan horrek behar duen horretara egokitzen. Eta idazlearen arabera aldatu egiten da eskatzen dizun hori. Nik testua hartzen dut, irakurtzen dut, eta saiatzen naiz testu horren inguruan iritziak ematen eta argitaratu aurreko azken bide horretan idazlearen ondoan egoten. Idazlearen ondoan egote hori aldatu egiten da. Niretzat oso gauza berria da. Idazle bakoitzarekin ikusten duzu batetik testuak behar duena eta bestetik, zer den idazleak behar duena testu horrekiko. Testuak behar duena eta idazleak behar duena ez dira beti gauza bera, eta ni hor tartean nago.

Zein literatura mota preziatzen duzu?

Ez naiz inoiz izan “literatura errusiarra irakurtzen dut eta hori bakarrik” estilokoa. Literaturaren kontzientzia duen literatura bat apreziatzen dut. Ez dut horrenbeste estiloetan pentsatzen, edo herrialdeetan… Esaldi bakoitzean eta hitz bakoitzean dena jokatzen dela badakien literatura horretan sinesten dut.

Lehen esan duzu iruditzen zitzaizula kanpotik begiratuta Susa badela argitaletxe bat liburuari lehentasuna ematen diona merkatuari baino. Orain barruan zaude, eta halere merkatuak hor jarraitzen du.

Bai, merkatua hor dago. Eta merkatu bat dago hor idazleak prekarizatuta dituena, ez diena ahalbidetzen idazleei beren langintzatik bizi ahal izatea. Beraz, idazle izatetik bizi nahi dutenek bestelako lanetatik bizi behar dute. Hori ezagutzen nuen kanpotik ere, baina behin barruan egonda uste dut hori dela niretzat asaldagarriena literatura sistematik. Literatura existitzea posible egiten duten pertsonak izatea literaturatik bizi ezin direnak.

Idazle berriak ere badaude aurtengo zuen uztan. Yoseba Peñak bere bigarren nobela argitaratu du, Idurre Eskisabelek lehenengo poema bilduma… Gorka Arresek zioen editore hasi zenean idazle gazteekin abiatu zuela berak ere bidea eta idazle kontsakratuekin amaitu duela. Idazle berriei ze balio ematen diezu?

Niri justu kontrakoa gertatu zait. Gorkarekin hasi ziren idazle kontsakratu horiekin egin behar dut lan, liburugintza ni baino hobeto ezagutzen duen jendearekin. Idazle berrien kasuan pozgarria da inoiz literatur lan bat argitaratu ez duen norbaiten liburua argitaratzea, Idurreren kasuan bezala, adibidez, eta gehiago etortzea espero dut. Oraindik zaila egiten zait 30 urtera pentsatzea.