GARA
DONOSTIA

«Jazz-Hitz» ikerketa aldizkaria sortu du Musikenek

Jazzari buruzko zientzia-lanak ikuspegi zabaletik argitaratzeko asmoarekin jaio da «Jazz-Hitz» aldizkari espezializatua.

Musikenek “Jazz-Hitz” aldizkariaren lehendabiziko alea aurkeztu zuen atzo, Euskal Herrian jazza esklusiboki ardatz duen argitalpen zientifiko bakarra. Aldizkaria doakoa eta irekia da, Patri Goialde jazz musika irakasle eta ikertzaileak zuzentzen du eta nazioarteko batzorde zientifikoa du atzean, ikertzaile nabarmenek osatua: Hala nola Ivan Iglesias (Valladolideko Unibertsitatea), Christa Bruckner-Haring (Graz-eko Musika Unibertsitatea, Austria), Silvia Martinez (ESMUC-Kataluniako Goi Mailako Musika Eskola), Nicolas Pillai (Birminghameko Unibertsitatea) edo Iñaki Saldoval (Tartu Viljandiko Unibertsitatea, Estonia).

“Jazz-Hitz” jazz musikaren inguruko ikerketa aldizkaria da, Musikene-Euskal Herriko Musika ikastegiaren Jazz Departamentuak bultzatua, eta musika genero horri lotutako zientzia-lanak oso ikuspegi zabaletik argitaratzeko asmoa du: historiari edo estilo eta interpretatzaile ezberdinen analisiari buruzko ikerlanak, beste musika batzuekin (klasikoa, herri-musikak…), beste adierazpen artistiko batzuekin (zinema, argazkigintza, literatura, arte figuratiboak…), edo disko industriarekin eta komunikabideekin konektatzen duten ikerlanak, bai eta bestelako alderdiak lantzen dituztenak ere, hala nola egoera sozial, politiko edo kulturalarekin, irakaskuntzarekin edo interpretazio-praktikaren ikerketarekin lotutakoak. Gai espektro zabal horri esker, ikuspuntuetan aniztasuna izango duen aldizkaria egin nahi dute, jazz musika izanik ardatza eta puntu amankomuna, musika adierazpen honetan interesa duen irakurleak bere ikuspuntua aberasten lagunduko dioten azterlan eta ikerlanak eskura izan ditzan.