GARA
IRUÑEA

Huerta de Peraltako langileek greba mugagabea hasiko dute hilaren 26an

Azaroaren 12an egun osoko greba egin ostean negoziazio prozesuari ekin zioten bi aldeek baina, hilabete beranduago, kaleraturiko lau langile berriz onartzeko akordiorik lortu gabe jarraitzen dute.

Huerta de Peralta enpresako langileek prentsa agerraldia egin zuten LABen Iruñeko egoitzan, abenduaren 26an hasiko duten greba mugagabea iragartzeko. Grebaren lehendabiziko egunean, eguerdian, elkarretaratzea egingo dute enpresaren atarian eta arratsaldean ibilgailu karabana abiatuko da bertatik Azkoien, Martzilla eta Funes herriak zeharkatuz.

130 langile baino gehiago ditu enpresak eta LABek adierazi zuen «gehien-gehienak migratzaileak» direla. 2017an aurrenekoz hauteskunde sindikalak egin izanak eta egoera batzuk hobetu izanak –lanordu eta soldatetan hobekuntzak, ordura arte betetzen ez zen hitzarmena betearaztea, eta abar–, «zuzendaritzaren mendeku gosea piztu» zuela kritikatu zuen sindikatuak. Izan ere, zuzendaritza diziplina-araudia erabiltzen ari dela kexatu da LAB, «disuasio, koakzio eta errepresalia tresna gisa».

Mobilizazioak

Tresna horren bidez kaleratzeak egon direla ohartarazi zuen eta kaleratuak berriro onartzea exijitzeko egin zuten egun osoko greba azaroaren 12an. %80ko jarraipena izan zuela baloratu zuten sindikatuek eta «greba arrakastatsuaren» ondorioz zuzendaritza negoziatzeko prest agertu zela jakinarazi zuten. Hilabete geroago akordiorik itxi gabe jarraitzen dute, ordea, eta zuzendaritzak «exijentzia maila neurrigabeki igo» duela azaldu zuen zuen atzo langileen ordezkaritzak.

Greba mugagabea abenduaren 26an hasiko dute, «enpresara itzuli nahi duten kaleratutako lau langileen berronarpena aldarrikatzeko. Lehenengo egunean aipatu elkarretaratzea eta karabana egingo dute, eta bigarren egunean, langileek Iruñera eramango dute aldarrikapena, Zaragoza etorbideko 135. zenbakitik Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen elkarteko egoitzaraino manifestazioa eta amaieran elkarretaratzea eginez.