Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - DELTECO GIPUZKOA BASKET

Bartzelona liderraren bisita, urte amaierako mugarri

Katalanen ondotik, Malagako Unicaja etorriko da Illunbera datorren larunbatean.

Bartzelona, hots, ACB Ligako liderra, izango da Delteco Gipuzkoa Basketen gaur arratsaldeko aurkaria, 18.00etatik aurrera. Urte amaiera honetan Illunbeko zaleek funtzio bikoitza izango dute, datorren larunbatean Malagako Unicaja azalduko baita Donostiatik bisitan. Lan txarrak, ondorioz, Sergio Valdeolmillosen mutilentzat.

Alabaina, zeinek espero zezakeen Delteco GBCk Andorran irabaziko zuenik? Halaxe jazo zen, ordea. Donostiarrek behin baino sarriago erakutsi dute ez direla jendeak uste bezain txarrak, nahiz eta hiru garaipen baino ez izan patrikan. Ez da ahaztu behar bi garaipen gehiago izateko oso gutxiren faltan geratu zirela –Tecnyconta Zaragoza eta Iberostar Teneriferen aurka– ACB Ligako aurreneko jardunaldietan; ezta ere Bartzelonak ostegun gauean partida gogor askoa jokatu behar izan zuela ere, eta horrek nolabaiteko erasana sorraraziko diola.

Bartzelonaren aurka gertatzen dena gertatzen dela, Andorran erdietsitako balentria mugarritzat hartu gura du Sergio Valdeolmillos entrenatzaileak. Haren aburuz, «han irabazteko mentalitate gogorra erakutsi behar izan genuen eta jokoari dagozkion xehetasun asko ondo bete behar izan genituen». «Taldearen autoestima indartzeko balioko ote zuen itxaropena daukat», gehitu zuen Granadako teknikariak.

Aurkari desegokia

Hamar bider etorri da Bartzelona Illunbera bisitan, behin bakarrik irabazi du Gipuzkoa Basketek: 2009/10 denboraldian, 71-60 emaitzarekin. Pablo Laso zen artean donostiarren entrenatzailea eta Doblas, Javi Salgado eta Domen Lorbek izan ziren gipuzkoarren garaipen handi horren erantzule nagusiak.

Aurrekariak aurrekari, Sergio Valdeolmillosek badu katalanei aurre egiteko itxaropenik. «Aspaldion partida asko ari dira jokatzen jarraian eta erregulartasuna falta zaiela dirudi. Hori guztia gure alde baliatzen saiatu behar dugu, garaipen oro guretzat oso garrantzitsua baita, berdin dio zeinen aurka», ondorioztatu zuen entrenatzaileak.

Gipuzkoarren artean Xabi Oroz faltako da berriro. Bartzelonari dagokionez, Kevin Seraphin pibot frantsesak Jaka Blazic ordezkatuko du. Izan ere, Seraphinek ostegunean ongi jokatu zuen Baskoniaren aurka eta esloveniarra ez zen kantxaratu.