Droneak aireportuan

Jakina da droneak erabiltzerik ez dagoela egoera eta toki jakin batzuetan. Aireportuak dira leku horietako batzuk. Bada, ostegunean katramila handia gertatu zen Gatwickekoan (Londres), aireportuko arduradunek pistetan halako objektu hegalari batzuk ikusi zituztenean. Hegaldi guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Guztira, 100.000 bidaiaritik gora izan ziren kaltetuak, eta askok eta askok gaua bertan egin behar izan zuten.

Atzo berrekin zieten hegaldiei: 837 zeuden aurreikusirik hasieran, baina hainbat eta hainbat bertan behera geratu ziren berriz 24 ordutan sortutako kolapsoaren eraginez.

Droneak aireportuan aireratu zituztenen nortasunari dagokionez, Poliziak ez zuen atzo oraindik arduradunik topatu. Hala ere, Garraio ministro Chris Graylingek adierazi zuen protesta ekologista bat izan zitekeela: «Oraindik ez dago argi, ez ditugu ikerketak osatu. Poliziak eduki baditu zenbait zantzu, uste batzuk egon badaude, ingurumenarekin lotutako protesta bat izan liteke, baina oraindik ez dakigu».

Badira urte batzuk talde ekologistek protesta kanpaina hasi zutela Gatwicken pista berria eraiki nahi dutela-eta.