A. G.
saski baskonia

Tornike Shengelia gabe, Unicajaren aurkako azterketa zaila

Luis Casimirok zuzentzen duen Unicajak askoz joko eta itxura hobea du iaz Joan Plazak zuzentzen zuen Unicajak baino. Gainera, Jaime Fernandezen lan bikainak Nedovic izarra ahantzaraztea lortu du. Bada, Kirolbet Baskoniak Malagako taldearen aurka azterketa zaila izango du gaur arratsaldean, 19.30etik aurrera. Hori gutxi ez eta, Tornike Shengelia kapitaina gabe.

Georgiako hegal pibotaren hirugarren semea hilaren 14an jaio zen, AEBetan. Klubaren baimenaz, Shengelia semea ezagutzera joan zen osteguneko Euroligako partidaren ostean, eta ez da martitzen arratsaldera arte Euskal Herrira itzuliko. Kontuan hartuta Shengeliaren ordezkoaren falta izan dela Baskoniaren azken bi urteetako bekaturik nagusienetakoa, Velimir Perasovicek zerbait asmatu beharko du.

Voigtmannen ordua

Nahiz eta hegal-pibot postuan ez den erosoegi sentitzen, Johannes Voigtmann izango da gasteiztarren kapitainaren hutsunea betetzeko hautaturiko jokalaria. Talentua sobera du, baina oso irregularra da.

Bestetik, ikusi egin behar Penava gazteari aukerarik emango ote dion Perasovicek. Bosniarra hegal-pibota da eta etorkizunean maila handiko jokalaria izateko talentua badauka. Alabaina, orain arte ez Pedro Martinezek ez Perasovicek ere ez diote aukerarik eman. Ondorioz, pentsatzekoa da Shavon Shields hegalekoak zein Ilimane Diop pibotak tarteka hegal-pibot postuan jokatu beharko ote duten.

Malagara egin dituen azken hiru bisitetan Baskoniak irabazi egin du. Baina ikusi egin behar gaurko azterketa gainditzen duen.