2018/12/24

Jokin Eizmendi harri handien txapeldun berria, Asteasun irabazita

Erraz irabazi zuen larunbat gauean Asteasun, eta emozioa bigarren posturako lehian egon zen.

GARA
1224_kir_harrijasotze

Larunbat gauean jokatu zen, Asteasuko pilotalekuan, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa eta Jokin Eizmendik erraz irabazi zuen. Bigarren Jon Unanue Goenatxo III.ak amaitu zuen. Ezohiko orduan izan bazen ere, jende mordoxka bildu zen sei indartsuen lana ikusteko. Aurten, estreinako aldiz, erabili den formatua telebistari begira eginda zegoen. Denetariko iritziak azaldu ziren.

Lehenengoz harri-jasotze lehian binaka aritu ziren eta agian horretara jo behar litzateke, emanaldia laburtu egiten baita. Lehia gogorrena, azken unera arte, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Jon Unanueren artekoa izan zen, txapeldunorde izateko. Unanuek 25 kilo gehiago jaso zituen; atzetik izateak beharbada lagunduko zion. Eta hala, Aimar Irigoienen lekua –lesioagatik ezin izan da aurkeztu–, Eizmendik hartu du.

Bestalde, larunbat arratsaldean, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, bi bikoteren arteko desafioa jokatu zen: Xabier Urrutia eta Alex Rodrigez nafarrak, Oskar Perez eta Ousman Drame bizkaitarrak.

Nafarrak azkarragoak izan ziren 80 kiloko harri bola 80 aldiz jasotzen, 6:54, eta bizkaitarrak, 7:30. Erlojua gelditzeke, bigarren proba 70 kiloko txingekin 20 untze edo plaza egitea: nafarrek 12:29; bizkaitarrek 12:59. Jarraian, 50 kiloko barra, bi pausatan jasotzea 50 aldiz: nafarrek 15:43; bizkaitarrek 16:41. Azkena, trontzan kana-erdiko enborrari 15 korte ematea: nafarrek 25:27; bizkaitarrek, 9 korte eman ondoren, 27:18rekin utzi beharra izan zuten, ezinak gain hartuta. Batez ere Oscar Perezek, azken bolada honetan familiako ezbeharrak tarteko ordu asko ospitalean igaro behar izan baititu. Dena den, bildu zen jendetzak sekulako giroa sortu zuen.

Emakumeen kopa

San Tomas egunean Donostiako Trinitate plazan jokatu zen Emakumeen Aizkora Kopa. Nerea Sorondok, bost pago enbor 36 ontzakoak ebakitzen, 11:34 behar izan zuen. Bigarren, Irati Astondoa (13:39). Ondoren, Maika Ariztegi (14:22), Itsaso Onsalo (14:22.68) eta azkena, Xanta Sousa (18:00).

San Tomas egunean jokatu zen Bilboko Areatzan ere, ikuslez gainezka, Bizkaiko aizkolarien finala. Aitzol Atutxak aise irabazi zuen 4 kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste bi oinbiko ebakiz (28:50). Ondoren, Julen Larrea (32:32), Hodei Ezpeleta (36:57), Benat Lekue (38:40), Xabier Gartzia (39:12) eta Aritz Irazabal (46:26). Arkaitz Ispizuak eta Santi Zubizarretak Trontza txapelketa irabazi zuten.