Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Ahotsak ikusaraztea

Yoseba Peñak argitaratutako “Hariak” irakurri ondoren, erantzuten saiatuko naizen hainbat galdera pilatu zaizkit: zer dakar literaturak gure bizimodura? Berezkoa da literaturak eskaintzen diguna? Zenbat bizitza esperimenta daitezke literaturen bidez?

Hasteko, “Hariak” eleberria hunkigarria iruditu zait, erabat gomendagarria. Gerra Zibiletik XX. mende bukaerara arte, Yoseba Peñak ederki irudikatzen ditu Euskal Herria markatu duten garai gogor eta ilunenak. Familia bateko hiru belaunaldiren pasadizo gordinak kontatzen dira; horregatik, eleberria oso aproposa da bestearen lekuan jartzeko, besteekiko identifikazioak, dohakabetasunak eta gatazkak kanpotik ikustea bermatzen digulako, jakin arren ispiluan biluzteak sarritan desoreka emozionala eragin dezakeela. Erritmoa zainduta, prosaren jarioa neurtuta eta momentu oro mantendutako tentsioa aipatzekoak dira. Halaber, kontatzen diren istorioak gertuko denboran garatzen dira eta kontzientzian oraindik latente eta erdi ezkutuan daudenez, nago “Hariak” birsortze ariketa bat dela; hau da, literaturaren bidez historia pentsatzeko modu bat.

Protagonistei dagokienez, azaleko argazkian dagoen emakumearen irudi desfokuratua liburuaren atarikoa da, Peñak ehule lana egiten duelako, denboran eta espazioan urrun dauden emakumeen arteko komunikazioa bermatuz. Hiru zatitan banatzen da kronologikoki egituratuta dagoen testua: lehendabiziko atala Ireneri dagokio, Bego eta Joxepiren amari; Zarautzen gaude eta karlisten eta nazionalisten arteko liskarrak eta tentsioak gero eta bortitzagoak dira. Herriko giroan, Errepublikaren azkenengo egunak eta altxamendu faxistaren ondorioak jasaten dituzte Ireneren familiakoek. Irabazleak eta garaituak, mesfidantzak eta etxeetako zirrikituetatik gerraren hotsak; beldur eta sufrimenduaren irudikapena, bizirautea. Bigarren atala Xexilik irekitzen du, Joxepiren alaba eta Ireneren ilobak, ideologikoki Gerra Zibilak aurrez aurre jarritako bi familiaren barruan jaiotakoak. Gerrak sortzen dituen hutsuneak bete behar ditu eta eginkizun horretan Esti ahizpaz ere arduratzen da. Diktaduraren errepresioan bi munduk talka egiten dute, kalekoak eta baserrikoak, alegia; Estik herritik ihes egiteko desioa dauka Parisko modernotasunak liluratuta; Xexili, ordea, ohituren igorlea da.

Azkenik, Olatz da hirugarren ataleko protagonista nagusia. Xexiliren alabak sustraiak baserrian topatzen ditu, baina, aldi berean, izeko Estiren burujabetzaren desioa erakusten du. ETA militar eta ETA politiko-militarraren arteko banaketa, atxiloketak, tortura basatiak, hilketak eta atentatuak dira atal honetan azpimarratzen diren gaiak, baita Olatzek ETAko komandoetan bizitakoa ere.

Istorioaren borobiltasunak ez gaitu hotz utziko. Irenek gerraren ondoriorik latzenak bere gorputzean jasateaz gain, senarraren harropuzkeriak bakardadean bizi behar ditu; gerraren ostean, Xexiliren bekatua ezkondu gabe haurdun geratzea da eta, ondorioz, baserriko tradizioei lotuta geratzea, penitentzia; Olatz gizarteak epaitzen du, ama txarraren sentimendu jasanezina barneratzera behartuz eta, gainera, ETAko gizonezko kideen mespretxuak eta gehiegikeriak jasaten ditu. Beraz, sentimenduen eta akzioen artean dantzan, Irene, Xexili eta Olatz eleberriaren erdigunean daude eta, horiei esker, emakumeen irudi heterogeneoen ahotsaren aldarrikapena entzuten dugu.

Horrela, besteak beste, liburuak gogorarazten digu gatazketan, eremu publikoan nahiz pribatuan, emakumeek biolentzia politikoa pairatzen dutela eta, era berean, bidegabekerien aurrean ez direla sumisoak. Bukatzeko, beste galdera bat daukat: zu, irakurle, nola elikatzen zaitu literaturak?