Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Alex Txikon pronto da K2 mendiari neguan ekiteko

Neguan igo gabe geratzen den azken zortzimilakoa eskalatzen saiatuko da; lehia hori beste espedizio batekin partekatuko du.

Alex Txikon gaur abiatu da Pakistanera; Madrildik, hain zuzen ere. Berez, joan den ostiralean Katmandura joan zen Nepalgo espediziokide batzuk jaso, Islamabaden utzi, Madrilera itzuli eta beste taldekideekin batera K2 edo Chogorira (8.611 m, Karakorum) bidaiatzeko. Irakurleak jakingo duenez, lemoarraren helburua munduko bigarren mendi garaiena neguan igotzea da; izan ere, urtaro honetan igo gabe geratzen den azken zortzimilakoa da.

Ez dugu gezurrik esango: “beldur” ginen espedizio honen nondik norakoak kontatzeko. Eta arrazoia oso soila da. Azken urte erdi honetan mendizale bizkaitarrak neguan egin behar duen espedizioa kulebroi bat bilakatu da. Eta gehiegi luzatu nahi ez badugu ere, argibide batzuk emango ditugu. Irakurleak gogoan izango du Txikon azken bi urteotan Everest neguan igotzen saiatu dela. Bigarren ekinaldi horren amaieran esan zuen ez zela berriro itzuliko. Baina asmoak aldatu, Txinatik eskalatzeko baimena eskatu, ezezkoa eman eta azkenean Chogori bilakatu da behin betiko helburua. Gogoratu behar dugu, halaber, negu honetarako Everestera espedizio komertzial bat joatekotan zela. Eta hori diogu asmo hori, azkenean, ezerezean geratu delako. Gainera, arrazoi ezberdinak tarteko, bizkaitarrak onartu zuen ez zuela batere gogorik munduko mendi garaiena igotzeko egin beharreko lanak espedizio horrekin partekatzeko.

Bestalde, tarte horretan, badaezpada ere, K2 igotzeko baimena eskatu eta Pakistaneko agintariek argi berdea eman zioten. Eta, “normala” denez, hori guztia nahiko isilean mantendu du. Beraz, ez dugu pentsatu ere egin nahi lemoarrak azken hilabeteotan bizi izan dituen buruhausteak.

Argi dagoena da neguan sartu garela eta zortzimilakoetan hiru espediziok jardungo dutela. Bi K2 mendian (Txikonena eta errusiar-kazakhstandar-kirgizistandarrena) eta bat Nanga Parbaten. Jakina, hurbiltasunarengatik, euskal mendizaleak zuzendutako espedizioak orriotako lerro gehienak jasoko ditu. Beraz, atzean utziko ditugu informazio xehatuaren faltagatik sortu den zurrumurru uholdea, isilpean gordetako berriak eta kolore guztietako espekulazioak. Bueno, hori ez da guztiz egia oraindik espedizioaren xehetasun eta nondik norako batzuk ez daudelako batere argi.

Dakigun gauza bakarra da Txikonek, Nanga Parbaten bezala, Chogori mendian historia egin nahi duela. Hori lortzeko taldea osatu du dagoeneko. Duela hilabete Bilbon eskainitako prentsaurrekoan adierazi zuen sei alpinista alboan izango zituela: Felix Criado espainiarra eta Cheppal, Nuri, Pasang, Geljen eta Wallung nepaldarrak. Duela astebete, berriz, Poloniako irrati bati eskainitako elkarrizketa batean onartu zuen herrialde horretako bi alpinista batu zaizkiela: Marek Klonowski eta Pawel Dunaj. Guztiak ala guztiak ondo ezagutzen ditu. Criadorekin, adibidez, 2003. urtean K2 igotzen saiatu zen. Nepalgo alpinistak behin baino gehiagotan ondoan izan ditu. Eta poloniarrekin Nanga Parbateko ekinaldiak partekatu zituen.

Chogorin jardungo duen euskal ordezkariak jakin badaki aukera gutxi izango dituela tontorra erdiesteko. Dagoeneko, 2019. urtean sartu gara eta K2 neguan igotzen saiatu diren espedizio guztiak ala guztiak (lau, hain zuzen ere) etxera esku hutsik itzuli dira. Gehienez, 7.650 metroko kotara heldu dira; 2002-2003. urtean Krzysztof Wielickik zuzendutako espedizio poloniarrak lortu zuena.

Balizko arrakasta horren inguruan Txikonek zera adierazi du: «Argi daukat egunen batean Chogoriren gailurra neguan zapalduko dela. Baina horretarako erabaki onak hartu eta logistika bikaina izango duen talde bat osatu behar da. Jakina, talde horrek buruarekin lan egin beharko du, eta mendiarekin zein hango langileekin enpatia eta errespetua izan. Era horretara soilik lor dezakegu denok nahi dugun arrakasta hori. Aurtengo denboraldian izan daiteke; edo, agian, oraindik urte asko beharko dira hori gauzatzeko».

Baina, nondik igotzen saiatuko ote da? Hots, K2 mendia zer bidetatik eskalatu nahi du? Gai horren inguruan duela hilabete argi zeukan Abruzzoen bidea edo bide klasikoa izango zela. Baina Poloniako irratiari eginiko adierazpenek ezustean harrapatu gintuzten: «Wielickik iaz zuzendutako espedizioak erakutsi dit Cessen bidea ez dela batere egokia. Informazio asko eskaini didate, aztertu egin dut eta era berean Cessenetik joatea baztertu ere. Eskertu nahi diet helarazitako informazio hori. Poloniarrek bide horretan lan handia egin zuten, baina ez ziren inoiz 7.000 metroko kotara heldu. Ohiko bidea ere ez da nire lehentasuna izango».

Beraz, zein izango ote da? Txikonek argibide hauek eman ditu: «Oraindik ez dut erabaki, baina badaude babestuago dauden beste marra batzuk. Adibidez, 1987. urteko amerikarren bidea. Baina une honetan hori ez da garrantzitsuena, logistika guztia eta beste kontu batzuk baizik».

Amerikarren bidea, berez, Louis F. Reichardt eta James Wickwirek amaitu zuten. Ipar-ekialdeko ertza gainditu, ekialdeko aurpegia zeharkatu eta Abruzzoen bidearekin lotzen da. K2 mendian zabaldu zen bigarren bidea da.

Bada beste galdera bat argitzeke dagoena. Arestian aipatu dugun lehia dela eta, Chogorin jardungo duten bi talde horien presentzia traba izango ote da? Edo lanak arintzeko egokia izango da? Lemoarra baikor dago: «Uste dut elkarren arteko lana ona izango dela. Talde horretako hainbat kide ezagutzen ditut. Hasieran, proiektuaren babesle eta bultzatzaile nagusi Artem Braun urduri zegoen; jakina, dagoen lehia horrengatik. Baina esan nion agentzia berarekin (logistikarekin arduratzen dena) gaudela eta, beraz, lan horietan bat egingo dugula. Kanpaleku nagusi bera dugunez, besteak beste, sukaldea partekatuko dugu. Argi dagoena da zer edo zer gaizki ateratzen bada, pertsona gehiago gaudela egoera horri aurre egiteko. Mendian lanean egongo garenean, beste gauza bat izango da. Saiatuko gara elkarrekin lan egiten».

Hitz gutxitan esanda, horiek guztiak dira Txikonek K2 mendirako dituen aurreikuspenak. Batzuk argiak dira; beste batzuk, aldiz, oraindik zehaztu gabekoak. Bederen, Chogori eskalatzeko baimena martxoan amaitzen zaio. Beraz, denbora du.

Beste espedizioak

Eta Chogori neguan lehen aldiz igotzen saiatuko den bigarren espedizioa atzo abiatu zen Pakistanera. Irail aldera iragarri zuten taldea hamar alpinistak osatuko zutela. Urrian, berriz, hamaika izango zirela. Baina azken aste honetan ziurtatu dute soilik sei abiatu direla. Beraz, bost etxean geratu dira. Bai, matematikek hori ez dute esaten; kontua da azken orduan beste alpinista bat batu zaiela.

Honakoak dira espediziokideak: Braun, Roman Abildaev eta Konstantin Shepelin errusiarrak; Vassili Pivtsov (espedizioaren burua), Dmitry Muraviov eta Tursunali Aubarikov kazakhstandarrak; eta Mikhail Danichkin kirgizistandarra.

Bost kide horiek baja emateko arrazoia eman dute: «Gure aurrekontua oso mugatua zenez, crowdfunding kanpaina bat martxan jarri genuen, baina diru bilketa ez da nahikoa izan».

Arestian aipatu dugu espedizio honek argi eta garbi zuela ze bidetik saiatuko den: Abruzzoen bidea edo bide klasikoa. Oxigeno artifizialik ez dute erabiliko. Eta aurreratu behar dugu mendebaldeko alpinistentzat oso ezagunak ez badira ere, zazpi mendizale horiek eskarmentu handia dutela: «Taldekide guztiak 7.000 metrotik gorako mendietan zailduak dira. Konstantini buruz esan behar dugu azken orduan batu zaigula, eta gastu guzti-guztiak bere patrikatik ordainduko dituela».

Eta, amaitzeko, Nanga Parbat berriro neguan igotzen saiatuko den espedizioa aurkeztuko dugu. Daniele Nardi italiarra da taldeko burua, eta harekin Tom Ballard britainiarrak eta Rahmat Ullah Baig pakistandarrak jardungo dute.

Nardik Nanga Parbatera neguan egingo duen bosgarren bisita da, eta hedabideei aurreratu die bide berri bat zabaldu nahi duela: «Mendi hau niretzat ez da obsesio bat. Nire ametsa da zortzimilako batean eta neguan bide bat sortzea. Berez, Mummery izeneko espoloian sartu, 7.000 metroko kotan marra bukatutzat eman eta hortik gailurrera jo. Ez noa Nanga Parbatera, Mummery espoloira baizik. Inoiz ez da udan eskalatu, eta, jakina, neguan ere ez. Gure mentalitatea oso irekia da, eta estilo alpinoan igoko gara».