2019/01/03

ABAO Txiki-ko urteko lehen opera

2016an estreinatu zuten «Txanozuritxo» ekoizpenaren gaztelerazko bertsioa da «Caperucita Blanca». Perraulten ipuin klasikoaren bertsio librea da honakoa, protagonista nerabe lotsati bat duena. Ipuineko egoerak eta pertsonaiak moldatu egin dituzte gaur egungo haurrek dituzten bizipenetara egokitzeko eta horiek islatzeko.

GARA|BILBO
0103_kul_txanozuritxo

Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak (ABAO-OLBEk) 2016an eskaini zuen “Txanozuritxu” ikuskizunaren gaztelerazko bertsioa estreinatuko du ABAO Txiki denboraldiaren baitan. “Caperucita Blanca” istorioan Perraulten ipuin klasikoa berritzen dute, pertsonaiak eta agertokiak egungo egoerara modu dibertigarrian moldatuz. Publiko guztientzako pentsatuta dagoen opera hau Arriaga antzokian ikusi ahalko da gaur eta bihar, 12.00etan eta 18.00etan, eta larunbatean 12.00etan.

“Txanogorritxo” ipuinaren bertsio libre honetan bost musikarik, zortzi abeslarik eta haur koruak hartzen dute parte, eta Carlos Imaz konpositore eta baritonoak 2016an osatu zuen ABAO-OLBEk urtero egiten duen programa didaktikoaren 25. urteurrena ospatzeko.

“Caperucita Blanca”-n protagonista Txanozuritxu izeneko nerabe lotsati bat da. Ez dabil eroso institutuak, eskolaz kanpoko eskolek eta etxeko lanek eragindako bizimodu estresagarrian. Amonaren urtebetetze egunean, erretiroa hartutako opera-abeslari eroa bera, Txanozuritxuk egoera zoroak biziko ditu, eta bidean topatuko dituen pertsonaiek bizimodua aldatuko diote. Besteak beste, Otsoa izeneko gelakide enigmatikoarekin egingo du topo. Azken hori berari komeni zaion bidetik joateko konbentzitzen saiatuko da protagonista.

Operazaleen elkarteak azaldu duenez, Txanozuritxuk bidaia emozional horretan gida izango du musika, eta ilusioa, bilaketa pertsonala, segurtasun falta, maitasuna eta onarpena izango dira islatuko diren sentimenduetako batzuk, haurrek egunerokotasunean sentitzen dituztenak.

Taula gainekoa

Taula gainean agertokiak aldatzen joango dira, hala nola Txanozuritxoren etxea, amonaren etxea, polizia-etxea eta herriko kaleak.

Vanessa Goikoetxea izango da protagonista; Francisco Corujo, Otsoa; Itxaro Mentxaka, amonatxoa; Jose Manuel Diaz, ehiztaria; Enrique Viana, irakaslea; Gexan Etxabe, pilotaria; Olatz Saitua eta Itziar Unda, Aroa eta Naroa bikiak; Gaudeamus Koraleko kideak, eskolako haurrak, eta Idoia Merodio, ama. Horiekin batera, Ruben Fernandez pianista eta Kissar Ensemblea izango dira musika jartzen.