2019/01/03

Kronika
MUGITU KOLEKTIBOAREN KANPAINA
«AHT-rik ez», Gabonetako eta sanferminetako ikurretan

Mugitu mugimeduak 2019. urtea abiatzeko San Fermin kaperara AHT-ren aurkako aldarria eraman zuen. Aurretik, Iruñeko Takonerara jaitsi eta egitasmoaren aurkako bandera ezarri zuen Gabon Egunean, baita Diputazioaren ondoko pinuan eta Xabierko gazteluan ere.

Ibai AZPARREN
0103_mugitu

Mugitu mugimenduak urte hasieran abiatu nahi du AHT gelditzeko behar den denboraren atzera-kontua, Nafarroan hainbat ekintza eginda

Jakina denez, Mugitu mugimenduak aldarrikapen ekintza bitxi zein eraginkorrak egin ohi ditu. Ezaguna da, Nafarroako Gobernuko lehendakari zela, Yolanda Barcinari 2011n eman zioten tartakada, AHTren aurkako protesta gisa. Entzutetsua izan zen, era berean, AHTren kalteak salatzeko Arga ibaia berdez tindatu zutenekoa. Orain, sanferminetako eta Gabonetako toki esanguratsuenetara eraman dute aldarrikapena.

Frantzisko Xabierkoaren eta Nafarroaren Egunaren harira, talde honek AHTrik gabeko Nafarroa aldarrikatu nahi izan zuen abenduaren 3an, non eta Xabierko gazteluan. Horretarako, ekintzaile batek, gazteluko dorre nagusiko zolatik aurrealdera jauzi eginez, AHTren aurkako bandera ezarri zuen, Italiako Val Susako AHTren aurkako mugimenduaren bandera, hain zuzen ere. Komunikabideei igorritako oharrean, mugimenduak Xabierko gaztelutik Nafarroako «inoizko azpiegitura garestiena eta suntsitzaileena borrokatzen jarraitzeko» deia egin zuen.

Gabonak ate joka zirela, «Eguberrietako kontsumismoa sinbolizatzen duen» Nafarroako Diputazio aurreko pinura igo eta AHTren aurkako bandera ezarri zuten abenduaren 17an. «Gabonetako pinu argitsu koloretsuak ikusten jarraituko dugu pinu landaketa intentsiboari lotutako mendiak ihartzen ari diren bitartean», argudiatu zuten. Izan ere, Mugituk AHT «ilusio kontsumista» horren parte dela uste du: «Kapitalismoaren zein Gabonetako pinuen distira faltsuak gu itsutzea nahi ez dugulako zabaldu nahi dugu premiazko aldarria».

Diputazioko pinuan jarritako bandera ez zen izan Eguberrietan gauzatutako ekintza bakarra. Izan ere, Gabon egunean, Mugituk Iruñeko Takonera parkean kokatuta dagoen jaiotzan ere AHTren aurkako bandera jarri zuen. Mugimenduaren hitzetan, azpiegitura hau «botere klasistaren tresna da», langile klaseak «oso lan baldintza kaskarretan» eraikitzen duen bitartean, ohiko erabiltzaileak «eliteak baino ez direlako». Horregatik eta metafora gisa, Takonerako jaiotzan jarri zuten pankarta, «Jainkoak ere AHTrik nahi ez duelako».

2019. urteari ongietorria

Urte berriarekin batera, Fermin donearengana jo zuen Mugituk urtarrilaren 1ean, AHTren aurkako mugimenduari borroka horretan lagun diezaiola eskatzeko. «Entzun, arren, San Fermin, zu zaitugu patroi, bultza gure borroka, AHT gelditzeko». Hala abestu zioten Iruñeko santuari, entzierroaren aurretik Santo Domingon egiten den bezala.

Izan ere, Mugituk urte hasieran abiatu nahi du «AHTa gelditzeko behar den denboraren atzera-kontaketa». «Gainera, ez dugu gero ‘gaixoa ni’ abesten aritu nahi», diote AHT-k ekar ditzakeen ondorioei buruzko ikerketak aipatuz. 2019a hasi berritan, beren iritziz, «aunitz dira gure jendarte eredua aldatzeko premia islatzen duten zantzuak: klima aldaketaren ebidentziak, lehengaiak ustiatzeko gerrak, plastikoaren krisiak eta abar». Halere, Estatu espainoleko zein Nafarroako zenbait agintarik «euren itsukerian tematurik» jarraitzen dutela salatu zuten.

Horrekin batera, «ongizatea, abangoardia, modernitatea, berrikuntza... ardatz direla sinetsarazi nahi digute, baina ustelkerian leporaino murgilduta daude», ohartarazi zuten. Bestalde, gogora ekarri zutenez, zaborren errausketekin gertatu zen bezala, 2030erako indarrean sartuko omen den oinarrizko sareari buruzko Europako araudiak ez du AHTren aldera jotzen, ohiko trenaren aldera baizik.

«Gainera, onartu berri den trenaren liberalizazioarekin gastuak publiko bihurtu nahian jarraitzen» dutela deitoratu du talde honek.