Haritz LARRAÑAGA
dONIBANE lOHIZUNE
Elkarrizketa
MAX AUSINA ETXEBERRI
BODYBOARD ZALEA

«Hobekuntzak izango direla diote, baina ez da aldaketarik sumatzen»

Ez da kirolari famatua, ezta bodyboarder ezagunena ere, baina Donibane Lohizuneko 29 urteko gazte honek goi mailako lehiaketetan parte hartzen du. Uda sasoian Hendaian eskaintzen dituen surf ikastaroekin lortzen duen dirua neguan bidaiatu eta Europan egiten diren goi mailako bodyboard lehiaketetan parte hartzeko baliatzen du Ausinak. Aurten erronka berriak ezarri ditu eta Txilera joango da lehiatzera.

Kirol gogorra izan arren, bodyboardak ez du merezi duen aitorpena. Horregatik, bodyboarder komunitate txikia osatzen duten kirolariek esfortzu bikoitza egin behar izaten dute mundu mailan lehiatu ahal izateko. Ausina da adibide garbia. Bere ametsa lehen mailan [Grand Slam] lehiatzea da, baina, horretarako, aurrez mundu mailako QS lehiaketetan emaitza onak lortu beharko ditu eta bidaiatu egin beharko du.

Noiz eta nola hasi zinen bodyboard egiten?

Duela 15 urte lagun batekin hasi nintzen, hemen Santa Barbaran. Gero moto txikiarekin inguruko leku guztietara joaten hasi ginen. Oso ongi sentitzen nintzen uretan eta geroz eta gehiago maite nuen, beraz, Hendaiara joan nintzen eta izen eman nuen elkarte batean.

Zergatik hautatu zenuen bodyboarda?

Surfarekin alderatzen da, baina bodyboarda oso desberdina da, sentsazio desberdinak dira, ezingo nuke esplikatu. Olatu motak, gauzak egiteko modua, desberdinak dira, olatua lerratzen duzunean desberdina da, eta gero airean zara.

Batzuetan surf egiten dut, izan ere, badakit surf egiten, surf irakaslea naiz, baina benetan maite dudana bodyboarda da. Horregatik da hasi nintzenetik egunero egin dudan kirola.

Baina Hendaia edo Donibane Lohizune ez dira leku egokiak bodyboard egiteko, ez da?

Ez, ez dira leku egokiak, baina Hendaiako elkartearekin furgoneta hartu eta beste lekuetara mugitzen hasi ginenean leku eder asko ezagutu nituen. Itsas baldintzen arabera Landetara edo Angelura joaten ginen, eta horixe da gaur egiten dudana.

Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?

Hastapenetan niretzat erreferente nagusia Ibon Martinez izan zen, berarekin hasi nintzen eta asko ikasi genuen elkarrekin. Gero, nire entrenatzailea zen eta berari esker gauza anitz ikasi nituen. Mundu mailan, ostera, australiarrak izan dira nire erreferente nagusiak. Beraiek dira hoberenak. Lehen haiek bakarrik ikusten ziren bideotan edo munduko txapelketetan. Gaur egun mundu osoko irudi eta bodyboarderrak ikus ditzakegu, baina australiarrek hoberenak izaten jarraitzen dute. Estilo berezi bat badute gainontzekoetatik bereizten dituena. Hasieratik ziren inspirazio iturri guretzat. Haien bideoak behin eta berriz ikusten genituen eta ariketak nola egiten zituzten aztertzen genuen. Gero uretara joan eta australiarren moduan saiatzen ginen maniobrak egiten.

Arcachon edo Bretainiara joaten ginen Frantziako kopako txapelketak egitera. Hendaiatik beti zortzi lagun joaten ginen, nahiz eta gero beste lekuetako lagun batzuekin elkartu eta haiekin ere harreman ona izan.

Ez ginen bodyboarder asko, beraz, sarri lagun artean lehiatu behar izaten genuen. Baina hori ona zen, izan ere, beti nahi zenuen zure lagunek baino hobeto egin; bagenuen gure arteko lehia sanoa. Hori bai, ez ginen inoiz haserretzen, giro oso ona izan dugu beti gure artean.

Noiz hasi zinen emaitza onak lortzen?

ETB (Europe Tour Bodyboard) Europako zirkuituan bosgarren postua eskuratu nuen 2015ean, eta, urte berean, Frantziako zirkuituan ere bosgarren geratu nintzen. 2018an, berriz, bederatzigarren postua eskuratu nuen Vianan munduko txapelketan. Orain arte munduko lehiaketa batean lortu dudan emaitza onena da.

Noiz hartu zenuen goi mailan lehiatzeko erabakia?

Lehen aldiz goi mailako txapelketa batean 2010ean hartu nuen parte, Portugalen, Sintrako txapelketan. Babesle nuen Ride Bodyboard markako talde zuzendariak proposatu zidan berekin joateko. Niretzat amets bat zen, nik beti jarraitzen bainituen goi mailako bodyboard txapelketa guztiak Internetez. Lehen aldiz profesionalak zuzenean ikusi eta haiekin parte hartzeko aukera izatea aspalditik amesten nuen zerbait zen.

Nire helburua profesional batekin txanda batean egotea zen, baina ez nuen lortu, trials-etan kaleratu ninduten. Hala ere, esperientzia ederra izan zen eta ordutik urtero joaten naiz Portugal eta Kanaria uharteetako lehiaketetara.

Orduan, soilik Europan egin diren goi mailako txapelketetan lehiatu duzu?

Bai, aurten lehen aldiz Txilera joateko asmoa dut, baina orain artean ez dut halako bidaia bat egiteko behar adina diru izan, mundu mailako zirkuitua egitea oso garestia baita. APB zirkuitua osorik egiteko 17.000 euro inguru behar dituzu eta nik ez dut diru hori. Ride Bodyboard markak taulak eta hegalak ematen dizkit, eta Lastage markak arropa, baina ez dut diruz lagunduko nauen babeslerik. Apiriletik urrira Hendaian egiten dut lan surf ikastaroak ematen, eta diru hori bidaiatu eta txapelketetan parte hartzeko baliatzen dut.

Iaz 40. postuan amaitu nuen mundu mailako rankingean, izan ere, soilik Portugaleko txapelketak egin nituen. Urtero Kanaria uharteetan egiten zen Fronton King txapelketa APB zirkuitutik at geratu zen, eta, ondorioz, normalean baino puntu gutxiago bildu nituen. TOP24an sartzeko gutxienez QS mailako bi lehiaketa eta Grand Slam bat egin behar dituzu. Lehen mailako Grand Slam txapelketetan lehiatzeko, ordea, TOP24an ez gauden lehiakideek trials-etatik abiatu behar dugu txapelketan plaza bat lortzeko.

Iaz txapelketa eredua aldatu zuten. Zer iritzi duzu puntuatzeko modu berrien inguruan?

Ez dugu gauza berririk ikusten. Beti esaten dute hurrengo urtean berrikuntzak izango direla eta gauzek hobera egingo dutela, baina ez dugu hobekuntzarik sumatzen. Iaz puntuatzeko eredua aldatu zuten, eta eredu oso ona zen reef batean puntuatzeko, alegia, olatua beti berdina den leku batean. Baina hondartza batean baldintzak etengabe aldatzen dira eta ez da eredu egokia. Adibidez, txanda bat itsasgoran egiten da baldintza onekin eta beste bat itsasbeheran baldintza txarrekin; bada, itsasgoran aritu direnek puntuazio altuagoak jasoko dituzte eta hurrengo txandara pasatzeko aukera gehiago izango dute.

Australiako zirkuituan, esaterako, eredu bera aplikatu zuten iaz, eta rankinga goitik behera aldatu zen. Izan ere, hondartzako txapelketetan baldintza onenak izan zituztenek rankingeko lehen postuak eskuratu zituzten. Kontua da ezartzen den ereduak hondo finkoetarako zein hondo aldakorretarako balio behar duela. Horregatik, nik nahiago dut lehengo eredua.

Hego Euskal Herriko bodyboardekin harremanik baduzu?

Bai, Alex Uranga eta Jon Lopez ezagutzen ditut, eta Itzurungo bodyboarderrak. Askotan joaten naiz Zumaia aldera, baina, horrez gain, guztiok antzeko baldintzak bilatzen ditugu eta sarri egiten dugu topo bateko edo besteko urautsiren batean.

Goi mailako txapelketak leku arriskutsuetan egiten dira sarri. Horrek ez dizu beldurrik ematen?

Sakonera gutxi eta azpian haitzak izaten dira sarri, baina olatu on bat sortzeko horrelako baldintzak behar dira. Olatu handiekin leku arriskutsuetan beldurra beti izaten dut barruan, baina horregatik egiten dut bodyboarda. Badakizu arrisku bat dagoela, baina arriskatzeak adrenalina sortzen du. Baldintza zailetan tubo handi bat egitea sekulako sentsazioa da.

Nolako ezaugarriak dituen urautsia bilatzen duzue bodyboard zaleek?

Bi dira bilatzen ditugun ezaugarri nagusiak. Aireko handiak egiteko arrapala egoki bat eskainiko duen olatua eta tubo handiak eskaintzen dituen olatua. Niretzat Fronton (Kanaria uharteak) da olatu egokia: jaitsiera oso zaila du eta olatuaren magalean abiatzen zarenean sekulako abiada hartzen duzu.

Zeintzuk dira etxetik gertu bodyboard egiteko olatu onenak eskaintzen dituzten urautsiak?

Hendaia parean Vantrax, baina olatu zaila da, kostatik oso urrun dago eta olatu guztiak ez dira berdin joaten. Baina batzuetan itzelezko olatu bat hartzeko aukera ematen du. Horrez gain, hondoak ondo badaude Angelun ere olatu oso onak izaten dira eta baita Landetan ere.

Entrenamendurik egiten duzu?

Korrika egiten dut, igerilekura joaten naiz, eta maiz joaten naiz mendira. Baina batez ere egunero itsasoratzen naiz, baita baldintza egokiak ez direnean ere.

Bidaiak egin dituzu beste herrialdeetako urautsiak ezagutzeko?

Bai, leku askotan izan naiz. Bidaia klasikoak egin ditut, Mexiko edo Indonesiara kasu ur berotan olatu borobilak hartzera. Iaz, esaterako, neska lagunarekin hiru hilabete egin nituen Australian. Melbourne inguruan hilabete eta erdi egin ostean mendebaldera joan ginen; han ezagutu nituen The Box bezalako leku mitikoak. Baina, egia esan, mendebaldeko urautsietan inoiz ez nengoen lasai uretan, marrazoen beldur nintzen, inguru hartan arazo asko izan baitira marrazoekin; han zaudenean beti ari zara pentsatzen gibelean zerbait ote duzun.

Aurrera begira, zein asmo dituzu?

Europako txapelketez gain Txilera joango naiz. Han urtero lehen mailako bi txapelketa egiten dituzte Antofagastan eta Arican. Aurten lehen aldiz, QS mailako lehiaketa bat ere egingo dute Iquiquen. Inoiz baino lehiaketa gehiagotan parte hartuko dut eta munduko rankingerako puntu gehiago biltzeko aukera izango dut. Oso itxaropentsu eta gogotsu nago.