2019/01/10

EHZ festibalaren proiektu berria bozkatuko dute larunbatean

Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren hurrengo urratsa zein izanen den bozkatuko da Baionan etzi. Joan den urteko irailean gidaritza hartu zuen talde berriak sortu duen proiektua aurkeztuko du.

GARA|BAIONA
0110_kul_ehz

Duela 23 urte sortu zen proiektuaren etorkizuna deliberatzeko eguna izanen da etzikoa. Baionako Zizpa gaztetxean 2019ko edizioa nolakoa izanen den bozkatuko da. Asanblada orokorra urtea hasi eta berehala eginen dute. Hastapenean martxorako finkatu zuten data, baina aurkeztutako proiektuak aurrera egiten badu, uztailaren bukaeran ospatzen den hitzordua prestatzeko astia izateko aitzinatzea erabaki dute.

2017an eguraldia dela medio jaialdia bertan behera uztera behartuta izan ondoren, ibilbidean hainbat gorabehera izan dira. «Hil ala biziko» egoeran egon eta gero, hamabost pertsona inguruk osatutako talde berri batek proiektuari jarraipena ematea deliberatu zuen irailean.

Talde horrek azken hilabeteetan sortu duen proiektua aurkeztuko du laguntzaileen artean, eta ondoren proposamen hori bozkatuko da. Egitasmoarekin bat egiten duen pertsona orori irekia da goizeko 10.00etan abiatuko den asanblada orokorra. Irailean jaialdiaren etorkizuna zalantzan jarri zuen egoera laguntzaileen eskasia izan zen, hori dela eta larunbatean ahalik eta jende gehien hurbiltzea espero dute, eta horregatik deialdi irekia egin dute.

Gidaritza berria osatu zenetik egin duten lanaren berri eman du Leire Fernandez jaialdia antolatzen duen elkarteko kideak: «Balio eta helburuak mahai gainean jarri ditugu, eta bereziki lan egiteko manera. Gainera, festibala aurreko urteetan aitzina atera zuten laguntzaileekin hitz egin dugu. Ideia horiekin guztiekin, txosten bat osatu eta biltzarrean aurkeztuko dugu». Egitasmo berriaz gain beste gai batzuk ere eztabaidatuko dira, oinarri berriak ezartzeko. Horien artean, lanean aritzeko modu berri bat proposatuko dute.

Ibiltariaren ondorengoa

Iaz EHZ Ibiltaria izan zen, eta Baigorri, Baiona eta Itsasun egin zuten, jaialdiak ohikoa izan duen uztailaren bukaerako datan. Orduan jada laguntzaileen eskasia nabaria izan zen, nahiz eta festalariei dagokienez antolaketako baliabide urritasuna ez zen ia nabaritu ere egin. Belaunaldi berrien artean egitasmoarekin aurrera jarraitzeko enbeiarik ez zenez agertzen, irailean batzarra egin zen, hitzordu historikoak jarraitu edo betiko bukatuko zen erabakitzeko.

Krisia 2017ko edizioan hasi zen, eta jaialdia ospatu gabe gelditu zen. Horren ondoren “Elkartasun erauntsia” heldu zen Euskal Herri osotik, musikari zein mugimendu ezberdinen eskutik, eta horri esker ekonomikoki egoera egonkortzea lortu zuten. Ondoren “Zirimola” dinamika ezarri zuten antolatzaileen artean, baina ez zuen jarraipen jendetsurik izan.