2019/01/11

Granger operatu egin behar dute, eta taldetik at egongo da lau hilabetez
A. G.

Jakina zen Jayson Grangerren orkatila ez zegoela oso santu, baina orain hiru edo lau hilabetez Kirolbet Baskoniaren lantaldetik at egon beharko du, kirofanotik pasatu beharko duelako, Gasteizko klubak atzo bertan bidaliriko prentsa oharrean idatzitakoari jaramon eginez. Hilaren 17an, hots, datorren ostegunean egingo diote Uruguaiko antolatzaileari ebakuntza eta Mikel Sanchez traumotologo ospetsua izango da delako «bursektomia» hori egiteko arduraduna.

Saski Baskoniaren prentsa oharrak aditzera ematen duenez, Grangerri «azkenaldion ‘Hanglungen gaitzak’ sortzen dion min kronikoa kontrolatzeko ezarri zaizkion tratamendu ezberdinek ez dute espero zen emaitzarik izan». Ondorioz, ezingo du ebakuntza-gela luzaroagoan saihestu eta 2018/19 denboraldia ia osorik amaitu arte jokatu ezinik geratuko da.

Ikusi egin behar, bestalde, Tornike Shengeliaren belauneko lotailuetako lesioa zenbat luzatuko den. Uste baino bi jokalari gutxiagorekin, zortzi baliabide baino ez darabiltza azken asteotan Velimir Perasovicek.

Kanaria Handiaren aurka

Lesioak lesio, Euroligak ez du etenik eta gaur gauean, 20.30ean, Kanaria Handiaren aurka jokatuko du talde gasteiztarrak.

Hamahiru jardunaldi falta dira Euroligako Fase Erregularra amaitzeko eta horietatik bederatzi etxean jokatuko ditu Kirolbet Baskoniak. Zortzigarren postua garaipen bakarrera izanda, orain du unea aurreneko itzulian galdutakoa berreskuratzeko.

«Gure helburuak betetzeko gakoetako bat da hurrengo partida», onartu zuen Perasovicek, eta hargatik, zaleen laguntza eskatu zuen gaurko.