2019/01/11

Zama Doinuz Arindu kontzertu-ikuskizunak espetxe politikaren ondorioei erreparatuko die

Espetxe politikak dakarren «zama arintzeko» sortutako kontzertu-ikuskizunak Glaukoma, Fermin Muguruza, Huntza, Pantxoa Carrere eta Akelarreren parte hartzea izango du, besteak beste.

Amalur ARTOLA|ETXARRI ARANATZ
0111_kul_zama

«Orain dela lau urte ikuskizun hau antolatzeko orduan errealitate batetik abiatzen ginen eta, zoritxarrez, antzeko errealitatearekin jarraitzen dugu: Etxarrin, gure herrian, zazpi preso genituen eta ikaragarria zen horrek gure egunerokotasunean zuen eragina. Egun sei ditugu, baina hor diraute asteburuero gure herrikideen senide eta lagunek egin beharreko kilometroek, errepidearen kezkak, beldurrak, zenbat ordu, diru eta arrisku. Zama hori leuntzeko eta goxatzeko ahalegin bat da Zama Doinuz Arindu», azaldu du Mikel Mundiñano “Zato”-k elkartasun jaialdiaren izaera.

Laugarren edizioa igandean, hilak 13, gauzatuko dute Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean eta luxuzko gonbidatuak izango dituzte espetxe politikaren aurkako eta eskubide zibilen aldeko aldarria beren egiteko: Juantxo Arakama (Glaukoma) + Lil Martin Selektah, Fermin Muguruza + Magu-Arri (DesKontrol), Pantxoa Carrere, Koban, Akelarreko Juanpa, Xanet eta Xabi, Huntzako Josune eta Uxue, Afu, Exprai marrazkilaria eta Itziar Ituño antzezlea.

Arte adierazpide ezberdinak

«Saiatu gara musikaz aparte beste espresio batzuk ere sartzen eta uste izan dugu marrazkilari batek gure ikuskizunean egin zezakeela emanaldi txukun bat», azaldu du Zatok. Ituño, aldiz, emanaldiaren muina izango den ikus-entzunezkoaren protagonista izango da: «Kontaketa bat egiten dugu, eta Ituño izango da protagonista. Edizio bakoitzean espetxe politikak sortzen dituen eskubide urraketa guzti horietako bat azaleratzen saiatu gara, gai zehatz bat lantzen; urrunketa eta horrek dakartzan gastu eta beldurrak, presoen korapiloa askatzearen garrantzia eta motxiladun umeen lanketa egin genuen aurreko urteetan», zehaztu du Zatok, eta, aurtengoari begira, ikuskizunaren gaia igandera arte sekretupean mantendu nahi dutela esan du, «jendeak sorpresa moduan hartzeko. Baina espetxe politikak planteatzen dituen baldintza eta eskubideen urraketak azaleratuko ditugu berriro ere», ziurtatu du.

Eskertza ere egin nahi izan die musu-truk ikuskizunean parte hartzen duten artistei, «egiten duten ahalegin eredugarriagatik» eta nabarmendu nahi izan du Zama Doinuz Arindu jaialdiaren elkartasun izaerarekin bat egiten duela jarrera horrek: «Herri honetan daukagun zama arintzeko eta presoen korapiloa askatzeko norabide horretan denok gara beharrezkoak».

Ikuskizunak bi emanaldi izango ditu (17.30ean eta 19.00etan) eta sarrerak udaletxean, sarean (www.etxarriaranatz.eus) eta herriko Xapatero eta Leku Ona tabernetan eskura daitezke, 15 euroren truke.