2019/01/12

Imanol Carrillo
Kazetaria
Gmörk

Behin Gabonak pasa ditugula, Olentzerok eta Errege magoek ekarritako oparien balorazioa egiteko garaia da. Aurten musikarekin zerikusia duten materialak izan dira nire eskakizun nagusiak. Horien artean, agur –‘ikusi arte’ bada, askoz hobeto– esango duen Berri Txarrak taldetik falta zitzaizkidan disko pare bat edota zenbait talde metaleroren abesti bilduma batzuk –Helloween, Megadeth, Stratovarius, Judas Priest, Black Sabbath eta Gamma Ray, esaterako–.

Den-denez gozatzen dut, eta liburu batzuk ere ekarri dizkidate: Kilian Jornet mendi korrikalariaren azken bi lanak, Bruce Dickinson Iron Maiden taldeko abeslariaren biografia eta hain oroitzapen politak ekartzen dizkidan Islandiako futbolaz hitz egiten duen Axel Torres kirol kazetariaren “El faro de Dalatangi”.

Itxoin ezin nuenez, beste opari bat egin nion neure buruari Gabonen aurretik: “Auritz, laino eder hori” disko-liburua. Gazte-gaztetatik jarraitu diedan Idi Bihotz, Flyin’ Freak eta Jare taldeetan aritutako Mikel eta Gorka Bizar anaien lan berria da hau, literatura eta musika –‘euskal metal opera’ etiketa ipini diote beraiek– uztartzen dituen proiektua eta Autismoaren Espektroko Nahasmen (AEN) gaitzaren aurrean irakurle zein entzuleak sentsibilizatzea helburu duena.

Oraintxe hasi naiz irakurtzen. Ezin dut asko aurreratu, baina oso itxura ederra, itzela du benetan. Hasierako pasarteetan Gmörk ezagutuko dugu, antza, Auritz protagonistaren fikziozko munduko munstroa. Izenak berak, eta letrek osatzen duten hitzak, niri beldurra ematen dit, baina irakurtzen eta AEN duten pertsonen bizipenak ezagutzen jarraituko dut amaiera arte. Esker Auritz lan hau aurkezteagatik!