Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ohikoa betikotzen utzi ez

Gabon zahar eta egunon berriko egunak joanak dira. Eta ohiko egunera bueltatuak, nor berera. Normaltasuna diote batzuek, normalkeria besteek. Tasuna eta keria, nork bere ikuspegia. Ohiko egunetara bueltatu, edozelan ere. Bakoitzak bere modura baliatuko du aurten ohikoa; batzuek gaurko ohikoa bihar ezohikoa izan dadin baliatu ere, aldaketak gogoan. Ez, ez nago Osakidetzako zuzendaritzan ematen ari diren aldaketez, gizartea den jendarte honetan egin beharrekoez nago.

Horra pentsiodunak, asteleheneko plazara berriro bilduak, zapia lepoan. Ongizate-estatu ofiziala biluzten, duintasunez sakoneko aldaketak eskatzen, estatu hori errealitate errealari egokitu dakion. Ezin ohikoa betikotzen utzi!

Pentsiodunak, ekintzaile ahaldunduak! Jakinda ere plaza guztiek dutela salbuespena, eta baten batek, polizia ohia kasuko, ofizioko ohikoan aritu nahi izaten duela, arma tiro pum! Zapirik ez lepoan, betiko lepotik burua!

Ohikora bueltatu, bai! Neguko hotzak ere Europa zuritu du, bazterrik bazter. Klima, edo! Baina Euskadiko bazterrean lasai oso! «Mikroklima» ei dugulako, pulpituko behatokitik esanda. «Positiboa eta eraikitzailea» gainera. AjuriaMet! Termometroko merkurioak mehatxua sentituko zuen horrezkero, negatibora ez joateko.

Tira, harira! Benetan positiboa dena zera da, Lakuak behingoz lehenengo sektorearen aldeko apustua egin berri izana urte berriarekin batera, Segurtasun Sailetik bada ere. Bai, kanpaina berriaz nago: «Egin zaitez Artzain». Bazen garaia, artzaintza «integrala eta konprometitua» bultzatzeko. Gora Jaurlaritza! Hau bai mikroklima! Eta bitartean, atzo, plaza-kaletan, Orain Presoak! Orain, bihar, etzi … ohikoa hustu arte! Ezin ohikora egokitu! Zapia lepoan, betiko togadunek lepo beretik jarraitu ez dezaten. Klima berriaren bidean, beroa eta hotza uztartuz