Jon ORMAZABAL
PILOTA

Oreka hausteko arriskua

Altuna III.a-Martijak eta Bengoetxea VI.a-Imazek oso neurketa zailak dituzte Bilbo eta Eibarren etalaugarren eta bosgarren postuen arteko etena hiru puntukoa ere izan daiteke bost jardunaldiren faltan.

Txapelketaren aurkezpenean, orekaren aldeko apustua egin zutela adierazi zuten enpresek. Binakakoa da urteko txapelketarik garrantzitsuena sarrerei dagokienez eta partiden interesa ahalik eta gehien luzatzea komeni zaie. Nola edo hala, txapelketak nolabaiteko parekotasunari eutsi zion lehen itzulian, baina azken asteburuko emaitzen ostean, erabat hausteko arriskua dago aste honetan.

Gaur-gaurkoz, Altuna III.a-Martija eta Bengoetxea VI.a-Imaz dira laugarren postu horretarako borrokan sar daitezkeela ematen duten bikoteak, baina asteburu honetan oso neurketa zailak dituzte biek ala biek eta egun bi puntukoa den zuloa hirukoa ere izan daiteke jardunaldiaren amaieran, ematen diren emaitzen arabera. Aspeko bikoteak Olaizola II.a-Albisu liderren aurka jokatu behar du larunbatean Bilbon eta Baikokoak, aldiz, Irribarria-Zabaleta jotzaileen aurka igandean, euren dohainetara horren ondo egokitzen den Astelenan.

Pronostikoak garbi samar irtengo dira lehen postuetan kokatutako bikoteen alde eta pronostikoak betez gero, txapelketa oso ahulduta irten daiteke bederatzigarren jardunaldi honetatik. Jon Mariezkurrena gazteak, Artolarekin batera, txapelketan Labriten jokatuko duen lehen partidan, bazuten ingurukoek Berriozarrekoa Iruñean jokatzen ikusteko gogoa, egon daiteke interesari nolabait eusteko giltza. Elezkano-Rezusta liderrak irabazteko gai badira, finalerdietarako muga suposatzen duen laugarren postua bi puntura mantentzeko gai izan daitezke atzeko tropelekoak, baina Artola-Mariezkurrena 22ra helduz gero, zuloa itzela izan daiteke.

Atzelarien legea

Izan ere, bost jardunaldiren faltan sailkapeneko goiko eta beheko bikoteen arteko etena hiru puntukoa izan daiteke eta ikusitakoak ikusita, zaila izango da txapelketaren interesari eustea. Kontuan izan behar da, aste bukaera honetako partidak jokatuta, beste bost jardunaldi, hau da, 20 partida, geratuko direla jokatzeke lehen itzulia amaitu aurretik, luzeegia egin daitekeen konpromiso kopurua, gero finalerdietan beste ligaxka bat jokatuko dela kontuan izanda.

2012an bi itzuliko –14 jardunaldi– sistema hau martxan jarri zenetik, 2011n ere bi itzuli izan ziren, baina bigarrenean enpresa desberdineko bikoteen arteko partidak baino ez ziren jokatu, beti egon da, azken jardunaldira arte, finalerdietarako txartelen bat jokoan eta horrek interesari eutsi ahal izan dio, nahiz eta sailkapenari begira, interesik gabeko partidaren bat edo beste ere izan.

Aurten, ordea, jardunaldi osoak izan daitezke finalerdietara sailkatzeko interesik ez dutenak eta enpresek euren ondorioak atera beharko dituzte hurrengo urteetara begira. Izan ere, bikoteak aukeratzerakoan, pilotazale bakoitzak egin ditzakeen zehaztapenak zehaztapen, ezin esan daiteke enpresak hanka sartze handirik egin duenik.

Kontua da, lau atzelari jotzaileenek gainontzekoekiko ezartzen duten aldea askoz nabarmenagoa dela aurreko koadroetan egon daitekeena baino eta hurrengo urteetan ere arazoa oso antzerakoa izan daiteke, azpitik bultza egingo duen atzelari bat agertu ezean, aurten Jon Mariezkurrenak egin bezala.

Berriozarkoa zen, ezbairik gabe, txapelketa honetako zalantzarik nagusiena eta orain arte behintzat, bikain erantzun du izandako konpromiso guztietan. Lesioak, sasoi puntuak, zortea... beti egongo dira pilotari bakoitzaren joko puntua baldintzatuko duten faktoreak, baina arazoak, arriskuak behintzat, egonkortzeko itxura du.

Udan erabilitako bikote mistoen ereduaren aukerak ez dirudi gauzak asko aldatuko lituzkeenik eta pilotazale batzuk hasiak dira Biharko Izarrak formula, hau da, astero bikoteak aldatuz joatearena, egokia izan ote daitekeen galdetzen. Ziur Asteburuko emaitzek eztabaida handitzen lagun dezaketela.

Gauzak askoz estuago Promozio mailakoan

Bi jardunaldi jokatuta ezin bestela izan, baina lehen mailako txapelketan ikusten ez den berdintasuna ikusten da Promozio mailakoan. Orain arte, hiru bikote izan dira jokatutako bi partidak irabazteko gai, Agirre-Salaverri, Peio Etxeberria-Garmendia eta Arteaga-Urretabizkaia, eta beste hiru dira, Peña II-Aranguren, Dario-Ruiz eta Alberdi-Erasun, punturik lortzerik izan ez dutenak.

Lehen mailakoan ez bezala, lesioak ere erabakigarriak izaten ari dira Promoziokoan. Bakaikoa txapelketa osorako baja izango da eta Xabi Tolosaren kasuan ere ez dago batere argi txapelketa honetako partidarik jokatzeko moduan izango den. J.O.