GARA
AZPEITIA

Arauntza Elkartea eta Dioni eta Iñigo Perez omenduko dituzte Azpeitian

Ordu gutxi barru hasiko da Azpeitiko jai handia eta txuri-urdinez jantzi dira herritar, erakusleiho eta balkoiak. Orotara 2.200 bat lagun aterako dira danborradan: 1.550-1.600 gaur, San Sebastian bezperan, eta 600 haur, bihar. 50 urte bete dituen Arauntza Elkartea eta Gabonetako jaiotza jartzen duten Dioni eta Iñigo Perez anaiak omenduko dituzte.

Sansebastianak jai kutunak dituzte azpeitiarrek eta gogotsu ospatuko dituzte, 24 ordu intentsotan. Juanjo Sansebastian, Josu Bereziartua eta Sebastian Alvaro mendizaleak igoko dira udaletxeko balkoira alkatearekin batera. Alvarok berriki argitaratu du “La vida en el límite de la vida” liburua, Jose Mari Azpiazurekin elkarlanean.

Arauntza Elkarteko lagunek ere banderaren igoeran parte hartuko dute. 50 urte bete dituzte danborradan jotzen eta herrian ohitura dute mende laurden eta mende erdi egiten duten taldeak omentzeko. Udalak Mikel Sanjuanek egindako tailla emango dio, Mikel Ibarzabal zinegotziak GARAri jakinarazi dionez.

Baina omendu gehiago ere izango dira. Bihar, San Sebastian egunez, Dioni eta Iñigo Perez anaiei aitorpena egingo die Udalak. «Batak 50 urte eman ditu Gabonetako jaiotza ipintzen eta besteak, 40. Eta denbora luzean egindako isileko lana eskertu nahi diegu». Umeen danborradak kale buelta egin eta plazara iristen denean, hirugarren kantuan-edo, oroigarria emango die alkateak eta agurra joko dute beren ohorez.

Erasoen aurkako protokoloa

Danbor hotsak barrua astintzen die azpeitiarrei eta horren seinale da jai hauen parte-hartze handia: guztira 2.200 lagunek desfilatuko dute. Bezperan 1.550-1.600 heldu aterako dira, eta San Sebastian egunean, 600 haur inguru. Txikiek 12.30ean dute hitzordua, Aranetik eta Artzubitik irtenda. Nekane Azpiazuk egindako karroza ikusgarriarekin ibiliko dira. Aurtengo gaia Lagun Onak futbol taldea da, 75 urte betetzen dituena. Arratsaldean haur parkeak izango dira horientzat.

Ibarzabalek azaldu du gogoz jarriko dituztela dantzan makilak, matxismoaren arazo handia ahantzi gabe eta erasoei aurre hartzeko eta gertatzen badira erantzuteko protokoloa prest. Falta direnak ere gogoan izango dituzte; besteak beste, presoak. Eta, hirugarrenik, “Ondo pasa, pasatu gabe” leloa ere zabaldu nahi dute.

Asteburuan tokatu dira sansebastianak eta jatetxeak beteta daude jada. Kuadrilla askok, halere, elkarteetan afalduko dute; angularik ez dute izango, baina ezta beharrik ere!

Ibarzabalek ere badu elkartea, baina ez da danborradan aterako. Laugarren legegintzaldia du eta aurten ere beste lau lagunekin batera koordinazio lanak egitea egokituko zaio. Sokamuturraz galdetuta, animalistak ahantzi gabe, erantzun digu Azpeitian tradizio handiko ekitaldia dela eta jende askok parte hartzen duela. Aurten 501. urtez egingo dute, bihar eguerdian, plaza nagusian. Eta hurrengo igandean, 27an, zezen txikiak eta poneyak izango dira txikientzat eta gero, sokamuturra.

24 ordu barru danborrak isiltzeko ordua ailegatuko da, datorren urtera arte. Banderaren jaitsieran sei elkarte igoko dira udaletxeko balkoira, Azpeitiko Udal Musika Bandak lagunduta: aurtengo omendua, Arauntza; Irrintzi, Txalintxo, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko eta Zokoa.