GARA
Donostia

Haurrak hasi dira jada danborrak astintzen; dena prest dago festa handirako

Aurten 147 danborradak hartuko dute parte San Sebastian egunean eta lau izango dira danborrada berriak, denak mistoak: Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada SJC, Englishtarrak elkartea eta Matiazaleak.

Gauerdian piztuko da Donostiako festa handia, Konstituzio plazako bandera igoerarekin batera, eta danbor-hotsek hiriko kaleetan burrunbatuko dute 24 orduz, eguraldia lagun edo ez. Alkateak bandera igotzen duen bitartean, Liga Genuineko –buruko desgaitasuna duten pertsonen liga– Real Sociedad taldeko jokalariek jasoko dute ikurrina.

Baina, horren aurretik, 19.00etan Hiritar Merezimenduaren dominak banatuko dira udaletxeko udalbatza aretoan. Eragin Elkartea, Hazi eta Ikasi, Elizaran ikastetxea, Gaztetxo Antzerki Eskola eta Ancora izango dira saridunak.

Halaber, bandera igoeraren ekitaldiak itxuraketa berria izango du: 35 minutuko iraupena izango du, eta bukaeran, parte-hartzaile guztiek koreografia bat egingo dute, danbor-jotzaileak agertoki gainean dauden bitartean. 112 pertsonak adierazi dute Bandera Igoeran Gaztelubide elkartearekin batera parte hartzeko asmoa.

Bestalde, haur danborradak atzo hasi ziren danborrak astintzen udaletxean egindako aurkezpenean, eta hala jarraituko dute gaur eta bihar. 5.088 lagunek desfilatuko dute, 2.734 neskak eta 2.354 mutilek, 49 konpainiatan. Aurten La Asuncion ikastetxeak urketariak gehitu ditu; horrela, 25 dira urketariak dituzten konpainiak. Ikasbide ikastolak, berriz, sukaldariaren figura gehituko du, eta 30 izango dira sukaldaridunak.

Helduak, berriz, 147 danborradatan banatuko dira, eta guztira 18.399 pertsonak hartuko dute parte, 7.681 emakumek eta 10.718 gizonek. 137 danborrada mistoak izango dira; beste bat, emakumez bakarrik osatutakoa; eta 9, emakume danbor-joleak onartzen ez dituztenak.

Web-orri berria

Donostiako festa bertatik bertara ospatu ezin dutenentzat, Udalak web orri bat sortu du (www.danborrada.donostiakultura.eus), eta bertan streaming bidez emango dira jaietako ekitaldi nagusiak.