A. G.
ACB LIGA

Itxaropena da GBCri gelditzen zaion bakarra

Aurreneko itzuliko azken jardunaldia jokatuko da gaur, baina Delteco Gipuzkoa Basketentzat beranduegi ez ote den errezeloa hortxe dago. Manresaren aurka garaipenak luzapenean ihes egin ostean, Illunbera joan zirenen pazientzia behin betiko agortu zen Sergio Valdeolmillos entrenatzailearekin. Orain, zaleen eta teknikariaren artean giroa petralduta dagoela, Movistar Estudiantesen kantxan jokatu behar du 13.00etan.

ACB Ligako azken-aurrekoa da Estudiantes, bost garaipen baino ez dituelako pilatu aurreneko itzulian, UCAM Murtzia eta Kanaria Handiarekin berdinduta. Alabaina, Madrilgo taldea Kopa jokatzeko karanbola baten bila ari da. Kopa, bai, Real Madrilez gain Madrilgo Autonomia Erkidegoko aurreneko taldeak lekua izango baitu Kopan; hots, Fuenlabradak edo Estudiantesek. Uneotan Fuenlabrada aurretik doa, baina Tenerifen jokatuko du, eta bertan galduko balu eta Estudiantesek donostiarrei irabazi, bada, Kopako zortzigarren txartela lortuko luke.

Horrelakoa da bizitza, diote; are krudelagoa liteke, baldin eta gaur eguerdian Gipuzkoa Basketen borreroa Dario Brizuela donostiarra balitz. Easo taldearen pean hazi zen eskolta gipuzkoarra, eta profesionaletan bidea jorratzen hastea egokitu zitzaiolarik, ez zuen zalantzarik ukan eta Estudiantesen barneratu zen. Ezin hobeto atera zaizkio gauzak egun 24 urte dituen jokalariari.

ACB Ligako saskiratzaile onena da Brizuela, partidako ia 16 puntu sartzen baititu. Gainera, Sandro Gentile hegaleko italiarrarekin batera, Estudiantes honen arima da. Azken-aurreko joanagatik, sentsazio onak sorrarazten dituzte jokalari biek, itxaropena baino gelditzen ez zaion GBCrekiko oso bestelakoa, nahiz eta bi garaipen gehiago bakarrik pilatu.

Baskonia, lidergoari begira

Kirolbet Baskoniak 19.30ean hasita jokatuko du Bartzelonaren aurka Buesa Arenan. ACB Ligako liderraren aurka itxiko du, beraz, talde gasteiztarrak aurreneko itzulia. Partida horri begira Patricio Garino berreskuratu du Velimir Perasovicek. Ondorioz, baja eman diote Penavari.

Perasovicen mutilek Euroligako bidea zuzendu dute azken jardunaldietan eta orain lidergora begira ere jar litezke. Bartzelonak 14 garaipen ditu eta 12 dauzka talde gasteiztarrak, Real Madrilekin berdinduta.

Dena dela, ezin da ahaztu orain dela hilabete, abenduaren 20an, Bartzelonak Gasteizen irabazi egin zuela, 70-77, Kevin Pangos antolatzaile kanadarraren eta Kevin Seraphin Saski Baskoniako jokalari ohiaren lan bikainari esker.