Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Delteco GBC Estudiantesen ospakizuneko pailazoa da

Hiru laurdenetan eutsi bazion ere, talde donostiarrak azken partzialean amore eman behar izan zuen,Gian Clavell hegalekoaren 22 puntuei esker. Gipuzkoarren kontura, Estudiantes Koparako sailkatu zen.

ESTUDIANTES 86

DELTECO GBC 62


Bazen festa, jaia eta algara Madrilgo WiZink Center pabiloian. Fuenlabradak Tenerifen galdu ostean, Estudiantesek Delteco Gipuzkoa Basketi irabaztea nahikoa zuen Koparako sailkatzeko, eta hala gertatu zen. Donostiarrek hiru laurdenetan eutsi zioten, nahiz eta irabazteko aukera handirik ez zitzaien antzematen. Azken laurdenean, ordea, Gian Clavell Puerto Ricoko hegalekoak partida hautsi zuen eta depresioak gogor astindu zuen talde donostiarra. «Lanean azkeneraino jarrai dezagun behintzat!», bota zion Sergio Valdeolmillosek Goran Sekulici partidako azkenengo hutsartean. Izan ere, Estudiantesen jaian pailazo papera egokitu zitzaion talde gipuzkoarrari, bere lepotik besteek algara egitea beste zereginik ez duen pailazoa, salbazioa gero eta urrutiago duela.

Hala ere, hasiera ona egin zuen Delteco GBCk. Motzegia, ordea; 8-13 irabaztetik 23-13 galtzera pasatu zen, donostiarren defentsa motelaren erruz. Estudiantesek bi puntuko hamar jaurtiketa egin zituen aurreneko laurdenean eta bederatzi asmatu, Whittingtonek eta Dario Brizuela donostiarrak batik bat.

Aurreneko laurdena 25-17 galdu ostean, jaramon egin zieten eta atzean itxura hobea eman zuten. Alabaina, Estudiantesek talentudun jokalari dezente ditu, eta hala Gian Clavell hegalekoak zazpi puntu ia segidan sartu zituen. Alferrik hurbildu zen pixkanaka talde gipuzkoarra, Victor Arteaga pibot erraldoiak beste zazpi puntu lortu baitzituen inor konturatzerako. Estudiantesek 13 puntuko aldea ere izan zuen, 41-28, baina Burjanadze eta Caner-Medleyren arteko xextra batek on egin zion Delteco GBCri. Jaurtiketa libreetan GBCko georgiarrak asmatu egin zuen eta atsedenaldira, Valdeolmillosenak itxaropen apur batekin iritsi ziren, 44-38 bakarrik galtzen ari baitziren.

Zulo handia errebotean

Ez zen ongi hasi hirugarren laurdena, Estudiantesek 6-0ko partziala lortu zuen-eta. Alabaina, laurdenaren amaieran 60-50 jarri ziren donostiarrak, etsi gabe lanean jarraitzen baitzuten. Kontua da defentsako lanak sarri ez zekarrela saririk, Estudiantesek erasoko erreboteei esker aukera asko izan zituelako.

Horrela apurtu zen azken laurdena ere. Clavellek sartzen ez zuena Victor Arteagak errebotearen bidez gauzatzen zuen. Delteco GBCren erasoak, berriz, kalbario hutsa ziren. Hala, bost minuturen faltan markagailua 71-54 geratu zen. Estudiantesen jarraitzaileek igartzen zuten garaipena eta Koparako txartela pilatuko zituztela donostiarren lepotik, azken hauek sailkapenean are eta hondoratuago lagaz.