2019/01/26

Egin ahala forma hartzen joan den lana osatu du IbonRG kantariak

Lan bikoitza aurkeztu du Sestaon sortutako musikariak. «Hil zara» lanean «a cappella» emandako zortzi kanta daude disko batean eta piano eta ahotsarekin grabatutako beste zortzi bestean. Ahotsarekin eta musikarekin esperimentatzea maite duen artista da IbonRG.

Patxi GAZTELUMENDI|BILBO
0126_kul_ibonrg

Kantuak a cappella sortu eta grabatzea izan da IbonRG artistaren aspaldiko gogoa. Musikaren munduan aspaldi murgildutako sestaoarra hainbat proiektutan aritu da orain arte: Mursego, Manett edo Xabier Montoiarekin; Eten taldearekin urte mordoxka zuzenean aritu eta lau disko ditu grabatuak; eta bakarlari gisa ere ahotsezko inprobisazioa eta elektronika uztartu izan ditu Gargara bezala. Bere kantutegian, bakarka grabatutako “Hil zara” lana gehitu berri du.

«Kantuak sortzen hasi nintzen, kalean zirriborroak telefonoarekin grabatu, gauerdian kantuan hasten naiz, eta kantuak pilatuz joan zaizkit, inongo asmorik gabe», kontatzen hasi zen IbonRG Bilbo zaharreko Xake espazioan egin zuen aurkezpenean. Bakarka eta ahotsarekin soilik kantuak egiteko gogoa piztuta, aukera ezin hobea etorri zitzaion Bartzelonako Daniel Ardura musikariak biran parte hartzeko eskatu zionean. «Kantuak baneuzkan, eta zuzenean aritzea parada ezin hobea zen buruan neukana gauzatzeko», gehitu zuen Ibonek. «Sei-zazpi data egiteko aukera eman zidan, Euskal Herrian emanaldi pare bat, Zaragozan beste bat eta Katalunian Girona eta Bartzelonan ere bai». Ordura arte inprobisazioak egiten zituen IbonRG-k, ahotsaren inguruko esplorazioak. «Daniren akuiluari esker, kantuak egokitu eta kontzertuetarako prestatzen hasi nintzen». Hogei bat kantu prestatu zituen tarte horretan.

«Niretzat musika eta melodia dira garrantzitsuenak, eta hitzak gero sortzen ditut, bigarren plano baten, soinutik arreta ez desbideratzea da nire erronka», zehaztu zuen kantuen funtsa azaltzerakoan. «Oso zaila da hori, hitz bakar batek arreta desbideratu dezakeelako». Baina helburu hori zuen hasieratik, «a cappella eta hitzik gabe egitea… soinuekin».

Kantuak nahiko ondo egituratuak eta finkatuak zituenean, Koldo Izagirreren poema batekin (“Baldintza subjetiboak”) osatutako kantua moldatzen hasi zenean, pianoarekin probatu eta emaitzarekin oso pozik geratu zen Ibon Rodriguez. Bere hasierako asmoari iskin egin, eta a cappella grabatzeaz gain, pianoarekin landu zituen zenbait kantu. “Hil zara” lan bikoitz honetan hamasei kantu grabatu ditu guztira. “Hil zara I” diskoan, a cappela grabatuta erdiak, eta “Hil zara II” zatian, berriz, Eibarko musika eskolan pianoarekin grabatutako beste zortzi. Binilo formatuan, eta diseinu ederrarekin aurkeztu zituen atzo Bilbon. Diskoaren azala Jon Martin artistaren “Karratua” koadro handiarekin osatu du, aurkezpenean sabaitik zintzilik zegoen koadroa. Diskoaren gailetetan koadroko lau zati ezberdin ere ageri dira. Diskoa leize, bunker eta eremitorio ezberdinetan grabatu zuten Tsezne (Txesus Garate) teknikariaren eskutik, mikrofono ezberdinak baliatuta, eta soinu naturalak, reverb ezberdinak baliatuz.

Ane Aranak ekoizpen orokorraren ardura hartu du lan osoan zehar, grabaketa egunak eta lekuak eta diskoaren gorabeherak bere gain hartzeaz gain, Ima Paraluxek errealizatutako bideoan ere parte hartzen du Anek. «Mendira joateko baliatzen genituen grabazioak, boston artean oso giro polita egon da, eta oso ondo pasatu dugu», aitortu zuen IbonRG-k lan honen xehetasunak azaltzerakoan. Errenteriako Aitzpitarte IV leizean, Getxoko eta Artxandako bunkerretan edo Manzanedo Araneko eremitorio batean grabatu zituzten Ibonen ahotsak. Eibarreko musika eskolan pianoarekin besteak. NAIZ.eus atarian dago Bilbon zuzenean abestutako “Baldintza subjetiboak” kantuaren bideoa.