2019/01/27

Tuteran abiatuko da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Tuteratik Iruñerako bidea egingo du 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Kanporaketa aurrekoak igarota, izena eman duten 30 bertsolaritik 24k lortu dute txapelaren lehian aritu ahal izateko txartela. Lehen saioa otsailaren 9an jokatuko da, Tuteran, eta martxoaren 23an jokatuko da final handia, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

GARA|BARAÑAIN
0127_kul_bertsoak

«Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara eta Etxarri Aranatzetik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan». Hitz horiek erabili zituzten atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako antolatzaileek 44. edizio honek emango duena deskribatzeko.

Barañainen, Bertso Egunaren abaroan egindako aurkezpenean azaldu zituzten otsailaren 9an Tuteran hasi eta martxoaren 23an Iruñean amaituko den txapelketaren nondik norakoak. Bidean, 24 bertsolarik hartuko dute parte –30 bertsolarik eman dute izena orotara– Anaitasuna kiroldegian esleituko den txapela eskuratzeko lehian eta zortzi saio izango dituzte euren bertuteak frogatzeko.

Otsailaren 9an, Tuterako Musika Eskolan jaurtiko dute txapelketako suziria Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorrek, gai-jartzaile Maialen Belarra dutela. Hurrengo saioak Urdazubira eramango ditu otsailaren 10ean bertsozaleak eta Julio Soto (egungo txapelduna), Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman bertsolariak; Ainhoa Larretxea ariko da gai-jartzaile lanetan. Otsailaren 16an Iruritan ariko dira Xabi Maia, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Patxi Castillo, Xabat Illarregi eta Endika Legarra, Zigor Gartzia Zian gai-jartzaile dutela; eta asteburua Lizarran itxiko dute, otsailaren 17an, Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diego Riaño bertsolariek, Ander Aranburu gai-jartzaile dutela.

Finalaurrekoen faseak Atarrabia (martxoak 3), Etxarri Aranatz (martxoak 9) eta Lesakara (martxoak 10) eramango ditu bertsolariak, eta final handia, aldiz, Iruñean jokatuko da, martxoaren 23an. Txapelaren lehian sartuko dira finalaurreko saioetako irabazleak eta puntuazio onena lortzen duten bost bertsolariak.

Txapelketa osoan epaile lanetan ariko direnak, aldiz, Arkaitz Goikoetxea, Nerea Bruño, Mikel Beaumont, Joseba Beltza, Jon Abril, Saioa Mitxelena eta Amaia Telletxea izango dira.

Euskal kulturaren erreferente

«Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea. Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da, bertsolaritza transmititzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena», azaldu zuten aurkezpenean, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta tokian tokiko udalen partaidetzaz garatu duen “Bertsolaritza Irakaskuntzan” programa (2.400 ikaslerengana iristen da urtero) eta Bertso Eskolen Sarea nabarmendu zituzten. «Txapelketa, beraz, bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukera ederra da. Nafarroako bertsolariei ikusgarritasuna emanez, bertsogintza sustatu eta gizartean ezagutarazteko aukera emango duen egitasmoa martxan da. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da».

Amaitu aurretik, aurtengo helburuak ere markatu zituzten: zaletasuna sustatzea, bertsolari nafarrei goi-mailako plazak eskaintzea, bertsolaritzaren alde lanean ari direnak elkartzea eta bertsolaritza Nafarroan prestigiozko adierazpide gisa egonkortzea zein jarduera kultural gisara gizarte osoari ezagutaraztea.

Saio guztietarako sarrerak aurrez eskura daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian eta salmenta puntuetan (Tuteraren kasuan, Herriko Tabernan eskuratu ahalko dira) edota egunean bertan saioa jokatuko den lekuko leihatilan. Sarrera arruntak 7 euro (final-laurdenak), 11 euro (finalaurrekoak) eta 18 euroan (finala) lortu ahalko dira, eta, ohi bezala, bazkideek eta 16 urtera artekoek deskontuak izango dituzte. Informazio guztia www.bertsozale.eus atarian egongo da eskuragai.