Nagore BELASTEGI

Pintura eta argazkia, emakume kirolariak nabarmentzeko

Emakume kirolariei ikusgaitasuna eman nahi dien erakusketa egongo da Gasteizko Artgia espazioan, otsailaren 4ra arte. Arabako hiriburuko NikSquash emakume kirolarien elkarteak enkargua egin zion Gemma Orobengoa argazkilariari –Kitxia Argazkiak–, 2019ko egutegi bat egiteko. Hamabi argazki baino gehiago lortu zituztenez eta emaitza txukuna zela ikusirik, erakusketa bat egitea otu zitzaien. Artgia espazioak interesa agertu eta horrela sortu zuten “Kirolaren koloreak. Zuk margotzen dituzu?” erakusketa.

Argazkiei alderdi artistikoa ematearren, Sandra Estarrona “Kilipo” muralgileari deitu zioten. Honek bere gaitasunak bodypaintingari aplikatu, eta modeloen larruazala margotu zuen, eta horiek hilezkor bilakatu ditu Orobengoak kamerarekin. «Hasierako asmoa emakumeak biluzik agertzea zen, baina gero buelta bat eman genion eta beste ikuspuntu batetik begiratuta beste ideia bat sortu zitzaigun», azaldu digu argazkilariak.

Orobengoaren ustez, argazkigintza eta pintura oso ondo integratuta daude lortutako irudietan. Izan ere, urtarrileko argazkian, erakusketaren kartela ere badena, hiru emakume agertzen dira bizkarrez, azalean argazki ospetsu bat margotuta dutela, eta berriro argazki bihurtu dutena.

Katherine Switzer-en, maratoi batean parte hartu zuen lehen emakumearen, argazkia da hori. «Berak arau guztiak apurtu zituen, eta guk ere zarata egin nahi dugu», aipatu digu argazkilariak. Argazki hori, Rosie errematxatzailearen pertsonaia ikonikoa irudikatzen duena bezala, aldarrikapen kutsu handikoak dira. «Irudi batzuk oso adierazgarriak dira, eta beste batzuk subjektiboak dira. Guk badakigu zer islatu nahi genuen, baina bakoitzak bere irakurketa egin dezake», argitu du. Egutegiko argazkietan emakumeek kirol munduan izaten dituzten sentimenduak irudikatu nahi zituzten: «askotan emakumeok entzun behar izaten dugu argaltzeko kirol pixka bat egiteko, besteok gu ondo ikusteko, ez gu gure burua ondo ikusteko», aipatu zuen.