A.A.
PILOTA

Behetik goraka segi nahi dute Urduliz eta Bilbon

Hiru material aukeraketa egin zituzten atzo Binakako Txapelketari dagokionez, Urduliz, Idiazabal eta Bilbokoak, eta begiradak batez ere oraindik finalerdietara sailkapena lortzeko borrokan sartuta dauden bikoteetan ipinita egon ziren. Batez ere Bengoetxea VI-Imaz eta Altuna III-Martijarengan, lau garaipenekin larri-larri baina bizirik jarraitzen dutelako.

Jokatzen lehenak Bengoetxea VI.a eta Imaz izango dira, bihar gauean, Urdulizen, jada sailkatuta dauden Elezkano II.a eta Rezustaren aurka. «Guretzat oso garrantzitsua da, baina gu aspalditik ari gara finalak jokatzen. Hala ere, pozik gaude, ilusioarekin. Guretzat azken partida Olaizola eta Albisuren aurka irabaztea garrantzitsua izan zen bizirik jarraitzeko», onartu zuen Oinatz Bengoetxeak egoeraren jakitun.

«Pilotari hauen aurka sufritzea tokatzen zait, jotzaile handiak dira eta horrelako bikoteen kontra nahiko argi galdu ditugu partidak. Badakigu neurketa gogorra daukagula ostiralean baina saiatuko gara gurea ematen eta ea Oinatzek ere bere eguna daukan», gaineratu zuen Ander Imazek.

Zorionez ez zen materialarekin arazorik egon, ezta Bilbon ere, non igandean Altuna III.a eta Martija izango diren beren aukerak jokoan ipiniko dituztenak Urrutikoetxearen (oraindik azken proba bat egin behar du jokatu ala ez erabakitzeko) eta Aretxabaletaren aurka.

«Lehen itzulian asko kosta zitzaigun gure maila ematea, baina uste dut bigarren itzuli ona egiten ari garela eta ideia hori da, gure maila onena ematea, horrela irabazteko aukerak izango ditugulako», aztertu zuen Jokin Altunak igandera begira, konfiantza gehiagorekin daudela baieztatuz.

Erremontea Galarretan

Ostegunero legez, jaialdia ez da faltako Galarretan, eta partida nagusian Uterga-Azpiroz txapeldunek Urtasun eta Barrenetxea IV.aren aurka jokatuko dute. Hirugarrena ere ederra izango da.