GARA
GASTEIZ

Araian hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketa, otsailaren 9an

Zalduondon aurkeztu zuten atzo otsailaren 9tik martxoaren 30era jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketa. Aurkezpenean hiru zalduondar izan ziren, tartean iazko irabazlea izan zen Oihane Perea. Berak ere parte hartuko du 2019ko txapelketa honetan, bigarren gelditu zen Asier Otamendik ez bezala. Guztira 18 bertsolarik hartuko dute parte lehiaketan. Hiru final-laurden, bi finalerdi eta finala egingo dituzte. Azken saioa Gasteizen izango da.

Zalduondoko Lazarraga jauregian aurkeztu zuten atzo 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Araian hasiko da datorren asteburuan, otsailaren 9an eta, eta larunbatero saio bat jokatuz, martxoaren 30ean amaituko da Gasteizen.

Aurkezpenean hiru zalduondarrek hartu zuten hitza: Oihane Perea 2017ko txapelduna, Bernardo Atxaga idazlea, Arabako euskara goraipatu zuena, eta Oier Suarez Bertsozale Elkarteko sustapen arduraduna.

Txapelketak egitura hau izango du: 18 bertsolari final-laurdenetan, 12 bertsolari finalerdietan eta 6 bertsolari finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

«Behinola hegan egiteko kapaz ginela amets egin genuen. H-dun hegoak astindu genituen txori migrariak lez, baso eta urmael bila iraganez, taldean, Arabako mutur batetik bestera… berriz lur hartzea erabaki genuen arte. Geroztik, bi urtez behin egiten dugu bide hau, neguko lozorrotik gure zuhaitza esnatu, kimatu eta udaberrira ekarriko duen hitz neurtuen ibilbide eder hau. Arabar bertso bidea, desberdina baino gurea», zabaldu zuen elkarteak ohar baten bidez.

Bitxikeria gisara, 2017ko edizioan finalista izan zen Asier Otamendik ez du aurten parte hartzeko izenik eman, baina txapelketan parte hartuko duten 18 bertsolariak berak bezain ondo egiten saiatuko dira. Bertsolaririk gazteena Aitor Ugarte izango da, 17 urte dituena, eta zaharrena Rikardo Gonzalez de Durana, 60 urtekoa. Arabako lehenengo bertso eskolako sortzaileetako bat den Serapio Lopez zerrendan dago, aurreko urteko txapelduna izan zen Oihane Perearekin batera. Zerrenda osatzen dute Andere Arriolabengoa, Aroa Arrizubieta, Beñat Garaio, Felipe Zelaieta, Iñaki Viñaspe, Irati Anda, Jon Ruiz de Pinedo, Manex Agirre, Manu Bendala, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Unai Anda, Unai Bengoetxea eta Xabi Igoa.

Saioz saio

Lehenengo saioa, beraz, Araiako Andra Mari aretoan jokatuko da otsailaren 9an, 17.30ean. Bertan izango dira Agirre, Amilburu, Viñaspe, Zelaieta, Ruiz de Pinedo eta Gonzalez de Durana.

Hurrengo final-laurdena otsailaren 16an izango da, ordu berean, Zigoitiako kultur etxean. Bertsolariak honakoak izango dira: Perea, Lopez, Bengoetxea, Ugarte, Arrizubieta eta I. Anda. Azken final-laurdena otsailaren 23an izango da Aramaioko kultur etxean Igoa, Bendala, U. Anda, Garaio, Abarrategi eta Arriolabengoaren parte hartzearekin.

Hiru saio horiek amaituta, puntu gehien lortu dituzten 12 bertsolariekin osatuko dira finalerdiak, bata Legutioko kultur etxean martxoaren 9an, eta bestea Dulantziko kultur etxean martxoaren 16an.

Honela, sei finalistak hautatuko dituzte, martxoaren 30ean Gasteizko Principal antzokian arituko direnak. Finalerako sarrerak numeratuak izango dira eta antzokiak berak ematen duen bideetatik soilik erosi ahal izango dira, alegia, leihatilan asteartetik larunbatera 18.30etik 20.30era eta egunean bertan saioa hasi baino bi ordu lehenago, edota telefonoz –15 euro, 10 bazkideentzat, 5 euro 16 urtetik beherakoek–. Gainerako sarreren prezioa lehen itzulian 6 eurokoa izango da (4 euro bazkideentzat) eta bigarren itzulian 8 euro (6 bazkideentzat). 15 urtetik beherakoak doan.