Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Menderakuntzaren kontratuak

Askatasun eta berdintasun printzipioen eredutzat hartua izan da Rousseauren kontratu soziala, Iraultza Frantsesean «liberté, egalité, fraternité» aldarrikatzeaz batera indarrean jarri zen ituna. Carole Patemanek, aldiz, gizonen arteko aliantza eta patriarkatua iraunarazteko ituna ikusten ditu, hainbat kontratu (prostituzioa edo subrogazioa kasu) ez baitira askatasuna eta berdintasuna oinarri dutela izenpetzen. Hala babesten du «Kontratu sexuala» saiakeran.

Eskafandra bilduma feministaren bosgarren aleak Carole Pateman politologo eta feminista britainiarraren lanik esanguratsuena, “Kontratu sexuala” (“The Sexual Contract”, 1988), dakar euskarara. Maialen Berasategi Catalan izan da Patemanen lana euskara ekartzearen arduraduna eta, haren hitzetan, orain hogeita hamar urte idatzitako obrak ez du gaurkotasunik galdu, «aipatzen dituen gaiak ez baitaude inolaz ere gaindituta».

Patemanek Iraultza frantsesera darama irakurlea, eta “liberté, egalité, fraternité” aldarriaren hauspoan ezarritako ordenak kontratu soziala jarri zuela indarrean dakar gogora. «Rosseau eta kontratu soziala ikasten ditugu eskoletan, badirudi natur egoeratik atera ginela gizakiak eta itun hori egin genuela gizarte berdinzale eta justu batean sartzeko», aipatu du Berasategik, eta Patemanek «inoiz kontatzen ez diguten historiari» leku egiten diola nabarmendu du: «Mendebaldeko gizon teorialari horiek guztiek istorio horren guztiaren erdia ez digute inoiz kontatu, eta beste erdi hori da kontratu horiek guztiek kontratu sexuala dutela oinarri hein handi batean, gizonek emakumeen gainean daukaten menderakuntza», azaldu du Patemanen tesia xehatuz. Bere lanean, emakumeen menderakuntzan gehien eragiten duten lau kontratuak aletzen ditu Patemanek: ezkontza, enplegua, prostituzioa eta subrogazioa.

Subrogazio kontratua

«Izugarrizko sorpresa hartu nuen ikusita ni jaio aurretik ere bera ja horri buruz teorizatzen, salatzen eta batez ere ohartarazten ari zela, orduan oso fenomeno berria zelako Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan. Konturatu zen subrogazioa zela anaitasunezko patriarkatu horrek asmatu duen azkenengo kontratua emakumeok berriz ere objektu bihurtzeko eta gure ugal-boterea esplotatzeko. Bera argi eta garbi subrogazio etikaren eta kontratuaren kontra dago, esaten duelako inor ez dela libre horrelako kontratu batean», argudiatu du.

Zentzu horretan, agerian geratzen da Patemanen obraren gaurkotasuna, feminismoaren barruan oraindik eztabaida sortzen duten bi gairi gutxienez –prostituzioa eta subrogazioa– heltzen baitie politologoak, bi gai «oso labain eta delikatu», Berasategiren iritzian. «Iruditzen zait subrogazioarena gurera duela erlatiboki gutxi sartu denez hemengo feminismoari gehiago kosta zaiola posizionatzen hastea, edo behintzat batzuk oraindik informazioa biltzeko, ezagutzeko, irakurtzeko eta ondorioak zein diren jakiteko fase horretan gaudela, eta liburu honek ematen ditu horretarako argudio potenteak».

Bere kasu pertsonalean, aurrez Pateman ezagutzen ez bazuen ere “Kontratu sexuala”-ren entzutea bazuen, «baina ez nekien oso ondo nondik nora zihoan». Itzulpena egiteak eman dion obraren ezagutzatik, Berasategik baieztatu du Patemanek xehe eta garbi aztertzen duela «eskolan, filosofia eskoletan ikasi ditugu autore horiek guztiek nola eraiki duten piezaz pieza halako anaitasun ezkutu baina oso patente baten bidez istorio hori, nola kontatu diguten berdintasunean bizi garela, nola den kontratua gure gizarte librearen paradigma... Hori lehendik ere banekien, baina liburu batean hain bilduta ikusita eta hain adibide zehatzetik, begiak are gehiago irekitzeko balio izan dit», ziurtatu du.

Obra euskarara ekartzeak maila teoriko eta hiztegi aldetik begiratuta zailtasunak badituela onartu du itzultzaileak, baina aurretik badu eskarmenturik (besteak beste, Susak argitaratutako Monique Wittingen “Pentsamendu heterozuzena”-ren itzulpenean parte hartu zuen), eta, Patemanen kasuan, «ematen du prosa oso sinplea duela eta ez duela artifiziorik, baina hasten zarenean buruhausteak ekartzen ditu. Are gehiago euskarara ekartzen, beti baita ahalegin berezi bat, eta ez bakarrik ingelesa eta euskara oso diferenteak direlako, baizik eta terminologia aldetik eta euskara aldetik oraindik lan asko dagoelako egiteko».