Ordiziak averageari eustea lortu du behinik behin
Aurkari zuzena den UBU-Colina Clinicen aurka galdu du. Hernanik VRAC liderraren etxean galdu du.
Asteburu beltza izan da Heineken Ligako euskal taldeentzat. Bizkaia Gernikak ezin izan zuen larunbatean Complutense Cisnerosen aurka jokatu, Urbietako zelaia urez gainezka baitzegoen eta, ondorioz, ezin izan zituen behetik ateratzeko puntuak lortu –oraindik ez dute datarik finkatu neurketa jokatzeko–. Gainera, Ampo Ordiziak eta Hernanik euren norgehiagoketan porrota jaso zuten.
Goierritarrek etxean galdu zuten, aurkari zuzena den UBU-Colina Clinicen aurka (27-40). Ordiziarrek laugarren postuari eusten diote sailkapenean, baina atzoko aurkaria asko gerturatu zaie; hiru puntura, alegia.
Gauzak oso ondo hasi ziren etxekoentzat. Siusiua Moalaren entseguari eta Valentin Cruzen ondorengo transformazioari esker, Ordizia 7-0 ipini zen aurretik bederatzigarren minutuan.
Baina kanpokoek segituan eman zioten buelta markagailuari (7-12) eta lasaitasun handiagoarekin jokatu zuten lehen zatian (10-26ko emaitzarekin abiatu ziren atsedenaldira).
Bigarrenean alternatiba ugari egon zen markagailuan, baina Burgosekoak izan ziren lehenengo jo zutenak 10-33 jartzeko. Ordiziarrek entsegua eta transformazioa lortu zuten 50. minutuan (17-33) eta etxekoek presio egin zuten aurkariak jokalari bat gutxiago zuela baliatuta (Gavinek txartel horia jaso eta bere taldea jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen hamar minutuz). Hala, Oier Goiak entsegua egin eta 22-33koa jarri zuen markagailuan. Baina kanpokoek berriro puntuatu zuten (22-40).
Hori bai, Ordiziak lortu zuen alde positiboa averagea mantentzea da, amaierako 27-40ko emaitzari esker eta joaneko neurketan 30-47 irabazi ostean.
Hernani, liderraren etxean porrot
Hernanik oso zaila zuen VRAC liderraren etxean zerbait positiboa ateratzea, eta porrota jasota itzuli zen etxera (41-10). Eta hori 0-5 aurreratu zela markagailuan Elosegiren entsegu bati esker. Baina ez zuen puntu gehiago lortu lehen zatian (21-5 atsedenaldian) eta bigarrenean 85era arte ez zuen errepikatu.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
