Krokodiloak hirigunean

Australiako ipar-ekialdean euriteek uholde izugarri handiak eragin dituzte, batik bat Queensland estatuko Townsville hirian. Armadak ere soldadu asko bertaratu behar izan du laguntza ematearren, «ehun urtetik behin gertatzen diren» uholde horietako bati aurre egiteko. Mehatxua, gainera, ez dira ura eta lokatza bakarrik: krokodilo bat baino gehiago ikusi dute urpetutako hirigunean gora eta behera, herritarren izua piztuz.

Larrialdi zerbitzuek hiru metroko krokodiloa ikusi zuten igande gauean kale batean, eta herritar zenbaitek hirian barrena dabiltzan animalion argazkiak argitaratu dituzte sare sozialetan: Erin Hahn izeneko emakumeak aitaren etxe atarian egin zion bati eta Helen Murdochek, berriz, ur korronteetatik ihesi zuhaitz batera igo nahian zebilen beste bati.

Uholde historikotzat jo dute agintariek egunotakoa, astebete eskasean urte osoko euri kantitatea egin duelako. «Sekula santan ez dugu ikusi horrenbeste ur, eta gu ohituta gaude euria ikustera. Inork pentsa lezake ezin duela gehiago egin, baina euriak ez dauka etenik», azaldu dio tokiko irrati bateko kazetari Gabi Elgoodek France-Presse agentziari.