GARA
DONOSTIA

Ikastolak atzerritar jatorriko ikasle gehiago jasotzen ari dira

«Gure ikastoletako argazkia aldatzen ari da, eta poztu egiten gaitu, oraindik legozkigukeen kopuruetara iritsi ez garen arren», adierazi zuten atzo Ikastolen Elkarteko ordezkariek. Orain dela ia lau hilabete konpromiso batzuk eta proposamen bat aurkeztu zituzten atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzearen inguruan, eta ordutik egin duten bidearen lehen balantzea baikorra da.

Jakinarazi zutenez, aurreko ikasturte osoan Eskolatze Batzordeetatik 250 ikasle bideratu zizkieten. Aurtengo ikasturtean, azaroaren 31 arte, 500 ikasle jaso dituzte, eta egun 600 baino gehiago dituzte. Progresio horri eutsiz, ikasturtea amaitzerako atzerritar jatorriko 900 ikasle berri izango dituzte, iaz baino %300 gehiago. Datu orokorrak ere eman zituzten: 4.500 ikasle inguru bideratu dituzte Eskolatze Batzordeek. Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan itunpeko sarera, hurrenez hurren, ikasle horien %36 eta %32 igorri dituzte; Araban, aldiz, %10. Azken honetan ikasleen %91 sare publikora bideratu dituzte.

Ikastolen arabera, Eskolatze Batzordeen irizpideak aldatzea da bidea eta hori frogatzen du eguneroko argazkian gertatzen ari den aldaketa sakonak. Eskolatze Batzorde bat osatzea aurreikusi du Lakuak eta ikastolek espero dute hezkuntza eragile guztien partaidetzarekin martxan jartzea. Hala bada eta batzorde hori hilero biltzen bada, zenbait herri edo eskualdetan ikasleen banaketan gerta daitezkeen desorekak konpontzeko aukera izango duela uste dute.