Alex URIARTE ATXIKALLENDE
poesía

Silogismo poetikoa

Literatura-ekoizpenen munduan, garai edo belaunaldi jakin bateko isla izatearen egitekoa, oro har, narratibari egotzi izan zaio. Eleberria –edo saiakera– izan da, hain zuzen ere, belaunaldi zehatz bateko partaide-sarearen kezkak, ilusioak, ezaugarri historiko zein sozialak, ondoezak edo xedeak argitara emateko bidea. Horregatik deritzot Juanjo Olasagarreren (Arbizu, Nafarroa, 1963) “Ia hemen” lana hain baliotsua eta preziatua dela. Izan ere, olerkigintza bezalako mundu barnerakoi nahiz introspektibo batean bere belaunaldiaren izatearen zati nabarmen bezain adierazgarri bat txertatzea erdietsi duelakoan nago. Eta, hori ez da, inondik inora, balentria makala.

“Ia hemen” olerki-multzoa zinez lan anitza da bere baitan jorratzen diren tematikei, moldeei zein imajinei dagokienez. Akabo ameslarien tuntunkeria antzua edo burubakoen pentsaera banala. Juanjo Olasagarre bestelako poetaren idealizazioa da: gizon egina, heldua. Eta, hain zuzen, heldutasunaren talaia horretatik abiatzen du bere sorkuntza literarioa. Hausnarketa liriko sakonaz gain, Olasagarrek gizalegea edo gizabidea eta naturarekiko atxikidura parez pare ipintzen ditu; era berean, norberaren ezbaiak, pena merezi duen balizko tokiren batera iristea edo maitasunaren eta desamodioaren arteko talka ditu hizpide. Gai horietara heltze aldera, barne-hausnarketa filosofikoak edo pentsamoldearen bulkadak patxadaren nahiz pazientziaren bahetik iragazten ditu, poeta helduaren zein eskarmentatuaren adierazgarri.

IV. Xabier Lete Poesia Sarian gailendu den artefaktu literario honek, bestalde, badu laborategiko-produktuaren zelanbaiteko zantzurik edo antzekotasunik: egileak –une askotan atzera begiratzeko joera nostalgikoa eta estoikoa izaki–, nola edo hala, bere bizi-esperientzian orain arte jazotakoei keinu egiten die eta, laborategietan egiten den legez, txatal txikietan disekzionatzen ditu gertaerok. Zati bakoitzeko, esperientzia bat; atal bakoitzeko, olerki bat. Beraz, Juanjo Olasagarre poeta zientzialaria dela esan genezake, bere emaria irakurleari egoki dosifikaturik eskaintzen diona. Atzera begiratze horretan, haurtzaroa ez da, normalean izaten den antzean, zoriontasunaren aldia edo etapa. Autorearen ustetan, zoriontasuna, maitasunaren gisara, bizitza osoan iraun dezakeen afera da, minutu batzuetako tarte intentsu edo handietan xehatzen baldin badugu ere. Hori dela-eta, haurtzaroko esperientziaz mintzatzean, tonu dezente sarkastikoa eta, uneka, ironikoa darabil Olasagarrek.

Benetan merezi duen lekua kausitzea, hots, etxe dei diezaiokegun zerbait topatzea. Horixe litzateke lan honetako beste gai potoloa. Gure erroek lotzen dizkiguten mugetatik ihes egin guran igaro daiteke bizitza osoa; alde egite horretan, gainera, leku mordoa ezagutu liteke. Baina, dena dela, zer edo zer gehiago behar da leku horiei guztiei etxe edo aberri deitzeko eta, prefosta, norberak etxea edo aberria legez sentitzeko. Baina, sortzaile nafarraren poemek dioten modura, sustraietako edo jatorrietako leku horiek, hau da, ihes egiten tematuta gauden toki horiek izango dira gehien markatuko gaituztenak. Gauza bertsua jazotzen da maitasunaren kasuan ere: amodio-sentimena nolabaiteko koraza edo bular-oskol sendo batez blindatua ageri da, sentimendu hori eszenan dagoela aditzera emateko beste, baina bide luzea egin ez dezan oinetan lasta botatzeko lain. Silogismo etengabea da “Ia hemen” lana: bihotzik samurrenak izozteko gai da eta trinkoenak, ostera, beratzeko gauza.