Asier AIESTARAN
PILOTA

Sailkapeneko emozioa izan da albiste on bakarra

Artolak eta Mariezkurrenak irabazi dute Gasteizko partida tristea: galdutakoak 29 eta egindakoak 7.

ARTOLA-MARIEZKURRENA II.A 22

ARTEAGA II.A-ALBISU 15


«Partida oso txarra izan da. Beraiek ez dute beren maila eman, argi dago, baina hasieran gu gurea nahiko ongi egiten ari ginen. Baina gero gu ere okertu egin gara. Jonek normalean galtzen ez dituen pare bat pilota galdu ditu eta nik ere ez dut asmatu errematean. Hala ere, amaieran emaitzari eusten jakin dugu eta puntu garrantzitsua eskuratu».

Horixe, ezin garbiago, Iñaki Artolak egindako Gasteizko partidaren laburpena. Pentsa liteke Alegiako aurrelaria eta Jon Mariezkurrena direla Ogetatik pozik irten ziren bakarrak, zazpigarren garaipena eskuan finalerdietara gehixeago hurbilduz, baina argi dago beraiek ere konturatu zirela ikuskizuna ez zela balekoa izan: guztira galdutako 29 pilota eta egindako 7 tanto bakarrik, zenbaketan eskuzabal jokatuta gainera.

Zaleentzat berri on bakarra: emaitza horri esker Binakako Txapelketaren sailkapena bero-bero geratzen dela bi jardunaldiren faltan, bost bikoterekin hiru txartel lortzeko borrokan. Irribarria-Zabaleta, Artola-Mariezkurrena II.a eta Arteaga II.a-Albisu zazpi punturekin daude; beste garaipen bat aski dute aurrera egiteko. Altuna III.a-Martija datoz gero sei punturekin. Eta Ezkurdia-Ladis Galartzak, bostekin, badute aukerarik oraindik, nahiz eta azken bi neurketak irabazi beharrean dauden.

Egoera kezkagarriena, seguruenik, Jon Ander Albisurena izango da. Orain dela hiruzpalau aste ia sailkatuta egotetik etorkizuna batere argi ez izatera igaro da. Batetik, Olaizola II.ak min hartu duelako. Eta bestetik, azken bi partidak ez direlako batere errazak izango: datorren larunbatean Sorian, Elezkano II.a-Rezustaren kontra, eta azken jardunaldian, Irribarria-Zabaletaren aurka –ikusteko dago zein aurrelarirekin jokatuko duen–.

Atzo neurketari hasiera oso kaskarra eman zioten Axier Arteagak eta berak. Aimarren lesioak sortu duen atsekabea ahaztu ezinean edo, hutsak bata bestearen atzetik kateatu zituzten eta konturatzerako 14-3 galtzen jarri ziren. Artolak eta Mariezkurrenak ez zuten beste munduko ezer egin, baina pilota gehiegi ez galtzea nahikoa izan zen abantaila hori lortzeko.

Bigarren zatian indarrak apur bat parekatu ziren, baina ez urdinek askoz hobeto jokatu zutelako –Arteagak tanto aipagarriren bat sinatu zuen arren–, baizik eta gorriak ere okertzen hasi zirelako. Akats horiek baliatuz markagailua apur bat estutu zen: 15-9 eta 16-10. Mariezkurrenak eraman gabe utzitako sake erraz batek eta atzelariak galdutako beste pilota batek aldea are gehiago murriztu zuten: 20-15. Baina partidaren amaierak kantxan ikusitakoa ederki islatu zuen. Arteagak eta Albisuk egindako huts banarekin azken emaitza 22-15ekoa izan zen.

«Esan genuen ez geundela sailkatuta eta halaxe ikusi da. Gauzak zail ipini zaizkigu», onartu zuen kopetilun ataundarrak, egoera ezkutatu gabe.