2019/02/12

Mbappe, Ametsen Antzokian amesgaiztoa uxatu nahian

Manchester United-PSG eta Roma-Porto, gaur gaueko futbol menuan.

Imanol CARRILLO
0212_kir_champions

Iazko abenduaren 11 eta 12a urrun geratzen dira jada. Egun horietan jokatu ziren talde-faseari zegozkion Txapeldunen Ligako azken partidak, eta futbolzale amorratuak hortzak estututa egongo dira Europa mailako txapelketarik onena berriz martxan jarri eta ikusteko.

Final-zortzirenen kanporaketako joaneko neurketak bi astetan jokatuko dira, denak 21.00etan. Hau da, gaur Roma-Porto eta Manchester United-PSG partidak izango dira; bihar, Tottenham-Dortmund eta Ajax-Real Madril; datorren asteartean, hilaren 19an, Lyon-Bartzelona eta Liverpool-Bayern; eta asteazkenean, Atletico-Juventus eta Schalke-Manchester City.

Final-zortzirenetako itzulerako neurketak martxoaren 5-6 eta 12-13 egunetan jokatuko dira.

Egun horietarako lanak eginda iritsi nahiko dute talde guztiek, baina denek –edo inork ere ez– ez dute helburu hori lortuko. Gaur, adibidez, Manchester Unitedek eta PSGk, begiratu batean, norgehiagoka berdintsua eskaini beharko lukete. Hala ere, Parisko taldea bi baja garrantzitsurekin helduko da Old Traffordera: Neymar eta Cavani. Brasildarrak bi hilabete eta erdi egon behar du zelaietatik kanpo eta uruguaitarrak, asteburuan gola sartzerakoan lesionatu ostean, ezingo du gaur jokatu.

PSG, Mbapperen esku

Bi jokalariok taldeak dituen golegilerik onenetakoak dira, Kylian Mbapperekin batera. Hala, badirudi aurrelari frantses gazteak zama guztia bere gain hartu beharko duela Parisera emaitza on batekin itzultzeko. Eta ez du erraza izango Al-Khelaifi PSGko presidentearen taldeak. Azken urteetan buru-belarri dabil xekea Txapeldunen Liga irabazi nahian, eta horretarako milioiak gastatu ditu jokalari eta entrenatzaileak –Unai Emery hondarribiarra bere garaian– erosten. Ligan eta Kopan ez bezala, orain arte ez du emaitzarik lortu Europako txapelketan.

Eta aurten badirudi gauzak zaildu zaizkiola, gehienbat Neymarren baja dela-eta. Parean, gainera, ez du talde makala izango. Hilabete batzuk atzera eginez gero, egia da Manchester United oso aurkari aproposa izan zitekeela, Jose Mourinho aulkian egonda. Baina portugesari agur esan ziotenetik, taldeak aurrerapauso bat eman du Ole Gunnar Solskjaerrekin. Hau aulkian denetik taldeak zortzi garaipen eta berdinketa bat lortu ditu Premierren. Old Trafford edo “Ametsen Antzokiak” erabakitzen ez badu, “Printzeen Parkeak” egin beharko du.

Roma-Porto

Gaurko beste norgehiagokan iazko finalerdietara iritsi zen Roma eta aurtengo talde-fasean puntu gehien bildu duen Porto neurtuko dira Italiako hiriburuan. Erromatarrak mentalki asko hobetu dute iaz egindako txapelketa onari esker. Hala azpimarratu zuen atzo, behintzat, Daniele De Rossi kapitainak. 35 urterekin, aurkari izango dituen Iker Casillas atezainarekin (37 urte) eta Pepe atzelariarekin (35) batera, partidako helduena izango da. Azken bi horiek badakite zer den Txapeldunen Liga irabaztea, baina Romak pauso bat gehiago eman nahi du.

VAR-A ERABILIKO DA


Europako zenbait ligatan jada erabiltzen bada ere, gaur bertan hasiko dira erabiltzen VAR-a –bideo- epaile laguntzailea– Txapeldunen Ligan. Errusiako Munduko Txapelketan epaileek erabakien %99,2an asmatu zuten, FIFAk adierazi zuenez.

EUROPA LEAGUE


Kontinenteko bigarren txapelketan, Europa Leaguen, 1/16ak jokatuko dira ostegun honetan eta hurrengoan. Hori bai, aurreratutako partida bat jokatuko dute gaur Fenerbahçek eta Zenitek (18.55).
Loading player...