Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

«Yesterday»

Hala izena du Beatles taldeari buruz egin den enegarren filmak. Taldearen kanturik ederrena, seguruenik. Filmaren abiapuntua bitxia da: eztanda moduko baten ondorioz, Beatlesekin zerikusia daukan guztia desagertzen da planetatik, den-dena, salbu eta protagonistaren burutik. Protagonistak, zeina kantari kaskar bat den, geronek ezagutzen ditugun moduan ezagutzen ditu haien kantuak eta, oharkabean, mundu guztia liluratzen hasi da haien kantuak kantatuz. Hasierako herabetasuna gainditu eta kantuak bereak direla sinetsarazten hasiko da, bestela izan ezin denez, bestetik, Beatlesek ez baitute arrastorik utzi, ez artxiboetan ez Interneten, ez inon. Zulo beltz batek irentsi ditu. Premisa horrekin, imajina dezakezue kantariak sortzen duen matxinada, kantu oro baita bedeinkazio harrigarri bat, “Yesterday” bezala beste dozenaka, “Hey Jude”, “Let it be”, “The fool on the hill”… tira, zerrenda luzeegia da. Pentsatzen jarrita, deskribagaitza da zenbat aldatzen den Beatlesik gabeko mundu bat, eta, zentzu horretan, ederra eta gaitza da ohartzea geure komunikabideek betetzen dituzten beste kontuak zein hutsalak diren horrekin konparatuta: Llarena, Abascal, Casado, Ciudadanos, Falange… egunero gosaritan aurkitzen ditugun eta zinez kaltea besterik ekartzen ez duen gorotz hori guztia. Etengabe jaten duguna, nahita edo nahigabe, antsiaz, eta alferrik.