Xole ARAMENDI
DONOSTIA
Elkarrizketa
IñIGO ARANBARRI
IDAZLEA

«Barruragotik atera zait eta agian horregatik dira ipuinak gordinagoak eta sinesgarriagoak»

Etxeko emakumeei entzundako gertaerak izan ditu abiapuntu, hori fikzioz jantzi eta bueltan- bueltan, egungo errealitateari argazkiak egiteko. Kameraren bestaldean, Urola bailara. Hain gertu eta hain urrun dugun «atzo» hartara itzuli du begirada, fokua giza harremanetan jarriz, beti ere.

Mina darie kontakizunei. Izan zitekeen min nostalgikoa, baina ez da. “Munduko tokirik ederrena” (Susa) liburua ironiaz jantzita dator izenburutik beretik. Isiltasunak asko hitz egiten du kontakizunotan, baita gure aurreko hildakoek ere. «Denborak eta espazioak zeharkatutako giza flyschak gara», dio Aranbarrik. Mingostasunak ez digu alde egingo ahotik irakurketa bukatu artean, tentsio eta intentsitatez betetako ipuinak dira.

Liburuarekin gustura?

Bai, oso gustura. Ez dakit zergatik den, baina komentario gehien jaso duen liburua hauxe da. Agian planteamendua da, kontatzen duen giroa... ‘Beste herri batean bizita ere nik badakit horiek zein diren’, esan didate irakurleek. Izan ere, pertsonaiak ezagutzeko modukoak dira. Arriskua ere egon liteke, oso gure adinekoa da-eta. Irakurle gazteek harrapatuko dituzte klabeak, pertsonaiek zergatik jokatzen duten horrela? Eta ematen du baietz, nahiko informazio badagoela haiek ere uler dezaten.

Zor modukoa sentitzen zenuen ipuinekin?

Ipuinekin baino, kontatu ditudan istorio hauekin.

Cortazarrek ipuin idazlea boxeolariarekin alderatzen zuen. «Hasierako kolpeek ez-eraginkorrak dirudite, baina arerioaren erresistentzia sakonenak erasotzen ari da». Ukabilkadak sentitzen dira zure liburuan... bat zatoz?

Bai, baina ahalegintzen naiz denbora guztian ukabilkadak ez jotzen. Itxuraz giroa erlaxatu egiten da baina azpitik gauza larriren bat gertatzen da. Elkarrizketak labur daude adieraziak, hitz gutxirekin asko esan nahian. Nahiko nuke irakurleak sentitzea agertzen dena baino askoz ere gehiago ari dela gertatzen.

Kontakizunen tentsioa eta intentsitatea nabarmenduko nituzke nik. Lur azpiko urak joan-etorrian dabiltza, inor ohartzeke, eta bat-batean inondik inora imajinatuko ez zenukeen egoera lehertzen da.

Bai, hori da. Eta ipuin batzuetan ahalegindu naiz kontakizuna aurrera doan heinean bide berria irekitzen.

Idazteko garaian gozamena izango da irakurleari informazio pilula txikiak noiz eman, nola... erabakitzea.

Bai, lanik handiena hor dago. Badakizu ze istorio kontatu nahi duzun, eta kontua da daukazun informazioa nola banatu pultsio edo tentsio hori mantentzeko. Orain elkarrizketa laburra informazioa emanez, gero erlaxatu pixka bat, gero boom! beste bonba bat... elementu horien konbinazioarekin jokatu behar da asko. Niri gehien oreka hori kostatu zait. Bukaerari askotan ez diot gehiegi begiratzen, ipuinean zehar informazioa nola doan baizik. Bukaera ezustekoa ez bada ere, ez da ezer gertatzen. Tartean dagoen giro hori, dentsitatea, da gakoa.

Garcia Marquezek zioenez, ipuinak, nobelak ez bezala, eserialdi batean idaztekoak dira, aurrez buruan landu beharrekoak. Zuk buruan jirabiraka denbora askoan izan dituzu?

Bai, ipuin guztiek sorreran dute etxean entzundako istorioren bat, etxeko gertaeraren bat, lagun artekoa... Esperientzia pertsonaletik abiatutakoak dira. Baina fikzionatuta daude. Ipuin ia denetan pertsonaien benetako izen eta abizenak esango nizkizuke, nahiz gero istorioa ez den gertatu nik kontatu bezala. Bizikizunen materiala behar izan dut, gero fikzioaren txispa erantsita ipuina osatzeko. Liburu honetan, aurrekoetan ez bezala, ez dut dokumentazio lanaren beharrik izan. Barruragotik atera zait eta agian horregatik dira gordinagoak eta sinesgarriagoak. Eta saiatu naiz literaturaren estilismoak erabiltzen gordintasun hori literarioago bihurtzeko. Ipuin bakoitzari enfoke eta idazkera diferentea ematen ahalegindu naiz, giroa-eta antzekoa izan arren kamera toki desberdinean jartzen.

Garcia Marquezek esana da ere nahiago zuela egongeletan kontatu, idatzi beharrik gabe. Ipuin hauetan ahoz ahokoak zein pisu izan du?

Handia, gure etxean emakumeen bidez izan da transmisioa. Neuk ere galdetzen diet. Amaren aldeko istorioak asko daude. Eta ama hizkuntzaz gain, ama hizkerara ekarri ditut. ‘Nik hau nola entzungo nuke?’ galdera egin diot neure buruari. Gero erregistro estandarra erabili arren, pisua izan du horrek. Beti ozen irakurtzeko proba egiten dut, neure kolkorako, batez ere erritmoa hartzeko. Nahiz idatzia izan, behar dut sinesgarria izan dadin. Horrez gain, badago ahalegina ahozkoa idatzira ekartzekoa. Nola egin idatzizko erregistro sinesgarria ahozkoa erantsita? Hor ibiltzen naiz, probak egiten, nahiz ez dakidan beti asmatzen dudan.

Eta Urola bailara, hortxe.

Bai, ondo ezagutzen dudan inguruan kokatu nahi nituen istorioak. Iruditu zitzaidan fikziorako ere toki egokia zela bailara. Pertsonaiak elkarren artean ere gurutzatzen dira –ipuin bateko protagonista nagusia hurrengoan atzean agertzen da– eta komunitate bat da. Baita denboran ere, luzatu egiten baita.

Desagertzear dagoen mundu batekiko zorra ere sentitzen zenuen?

Bai, neurri batean bai, zeren konturatzen naiz ezagutu dugun mundu hori asko aldatu dela. Lan mundua, heroina kontsumoa eta hiesa... esaterako, mundu hori ekarri nahi nuen desagertu aurretik. Harreman motak ere asko aldatu dira. Liburuan agertzen den maskulinitate hori... mutilek elkarrekin traturako duten modua ez dakit hala den gazteen artean. Gure artean hala izan da. Batetik, moztasun hori, hainbat oinarrizko gauza adierazteko. Sinetsi nahiko nuke gaurko gazteek gainditu dutela. Gu, aldiz, oso motzak gara.

«Aldaira» ipuinean nabarian geratzen da moztasun maskulino hori. Ispilua jarri nahi izan diezu gizonei beren burua ikus dezaten?

Bai. Pertsonaien arteko hariak interesatzen zaizkit, direla maitasunezkoak, gorrotozkoak, inbidiazkoak. Inguruan gai handiak daude, droga, borroka armatua, lan harremanak... baina horiek egoerak dira gaiak baino, nik fokua harremanei jarri diet. Herriko gizon industrial ‘jatorrek’ umeari trenean ‘ze guapa zure ama’ esatea nahikoa da biolentzia osoa ikusteko, beste ezer gertatu gabe. Irakurleak badaki zer gertatzen ari den. Hori lortu nahi nuen, fikziotik errealitatearen argazkiak erakustea.

Zure obran konstantea da atzera begira jartzea eta memoriaren zama agertzen duzu.

Bai, neurri batean bai. Liburu honen kasuan, dena den, nik ez nioke memoria deituko, memoriaren eta gaur-aren artean kokatu dut. ‘Atzo’ hori gaur ere bada, gure gaur-a ‘atzo’ horrekin osatuta dago. Baina, era berean, gero eta atzerago geratzen ari den mundua da. Ez da hainbeste denbora gauzak horrela zirela, hain azkar goaz, hain azkar datoz aldaketak...

«Lehen bestela ziren gauzak» ipuinean esango nuke dagoela liburuaren muina.

Oso ondo harrapatu duzu. Ipuin hori da gehien kosta zitzaidana. Zalantzan egon nintzen balio ote zuen ala ez, eta gero konturatu nintzen liburuaren teoria ipuin horretan dagoela. Ez da igual ipuinik biribilena efektibitate aldetik-eta, baina ardatz teorikoa, liburuak zer esaten duen, ipuin horretan dago.

Batetik, protagonistak, Maitanek, paisaia urbanoak ditu gustuko. Pertsona garaiak egiten du, baina baita paisaiak ere.

Bai, dudarik gabe, paisaiak ere egiten du. Horregatik kokatu ditut denak ‘munduko tokirik ederrenean’. Hau da, ironia izenburuan bertan hasten da. Liburuan autokritika konstantea dago. Nik ezagutu nuen bat pena ez ziona ematen hiltzeak, bere herria uzteak baizik, pentsa! Azalean Glasgow agertzen da, zisko egindako kale bat. Eta adineko bi pertsona ageri dira, bakoitza alde batera begira. Gure autosatisfakzio kultura horren kritika da.

Bestetik, museo sentimentalaren kontzeptua aipatzen da.

Literaturarekin gure bizitza ahalik eta gehien zabaltzen dugu beste bizitza batzuk biziz. Kalean goazela garai batean han egon zen gozotegiarekin gogoratzen garenean ere gauza bera egiten dugu. Kale hau lehen nolakoa zen? Ze usain zegoen? Denboraren diafragma zabaldu nahi duzu. Lehen harremanak beste era batera ziren, han ez dakit nor hil zen... horrek ikuspegia zabaltzen dizu. Eta literaturak ere uste dut funtzio hori duela neurri batean. Bada ikuspegi ideologiko bat ere. Ni gaur egun horrela bizi naiz, baina produktu historiko bat naiz. Ez gara mundu aseptikoan bizi. ‘Ze ondo nagoen’ esan dezake batek, baina zu ondo zaude inguruan beste batzuk hain ondo ez daudelako. Ikuspegi globala izan behar duzu zeure burua ondo kokatzeko.

Eta azkenik, Maitanek gurasoengandik jaso duen herentzia emozionala.

Oso gurea da istorioa. Horrelako tentsioak baditugu inguruan. Isiltasunek pisu handia dute, isilik gauza asko esaten dira.

Berniza kendu, azpiko geruzak azalarazteko. Eta paisaiarenekin batera, geure buruarenak.

Hori da. Noski, horrek norbere kontraesanak, sufrimendua... dakar. Eta hori kudeatu egin behar da. Eta hori ikustea, behintzat, interesgarria da.

Giza flyscha deitzen diozuna.

Bai, badirudi asteroide baten moduan erori garela eta ez da hori, gure aurretik beste batzuek zapaldu dute eta haiek bizikizun batzuk izan dituzte. Eta haien aurretik beste batzuek. Erotu gabe, baina behintzat kontzientzia izan. Gure aurreko hildakoei ahotsa eman gu zer garen azaltzeko; hala egin dut momentu askotan.

Justu gaur unean unekoa bizitzera garamatzan jendartean.

Halaxe da, horren kontrako jarrera da.

Ez dago joandako garaiekiko nostalgiarik.

Arriskua egon liteke, baina nostalgiak ez dauka hainbesteko sufrimendurik eta hemen karga, sufrimendua, harremanen tentsioa... ez da nostalgikoa. Bada pertsonaia bat, emakumea, bakarrik tabernetan edanean dabilena. Lehen bezala bizitzen jarraitzen du, baina lagunek alde egin diote albotik eta errukarria da. Ez da konturatu bizitza aldatu egin denik. Horretaz ere bada liburu hau.

Polizia baten larruan ere sartu zara.

Bai, Estatu terrorismo kasua da, baina aldatuta, ez derrigorrez Intxaurrondon. Bakoitzak bere iraganean zer daraman ikus daiteke hor, gutxien espero duenean norbait kontu eske etorriko zaion beldurrez bizi da.

«Isiltasunak gordetzen duena» ipuinean kontatzen den exekuzioa zure amonak ikusi zuen.

Bai, amonak gogoan zuen. 1900ean, 5 urterekin, Joxe Tejeria garrotez nola hiltzen zuten ikustera eraman zuten. Tejeria Aiako Mugatz baserrikoa zen eta aita hiltzeagatik izan zen. ‘Ejenplarizantea’ izan nahian, gaur egun ISISek egiten duen bezala.

Bi exekuzio daude hor, Tejeriarena eta Otaegirena. Zama ageri da, alegia, ‘nik ezin dut hildako guztiekin, nire belaunaldikoekin nahikoa dut’ esatera daramana. Lagunei asko gustatu zaie ipuina, niretzat klasikoena.

Zama horrek itolarria dakar hainbat unetan.

Badago itolarria ipuinetan, baina bizi dira, era berean. ‘Astronauta’ ipuinean, esaterako, bi protagonistak oso egoera desberdinetan bizi dira eta, hala ere, euren arteko haria ez da eten. Hau da beste gaietako bat. Posible da bi lagunen arteko hari horiek ingurukoek ez ikustea? Adiskidetasuna hori da! Lagunen batek galdetuko dizu ‘hain diferenteak izanik, politikoki ere bai, nola izan zaitezkete lagunak?’. Zuk ez dakizu adiskidetasuna zer den! Badauka azaldu ezin den osagaia, besteek ikusten ez dutena. Berari buruz sekulakoak esango ditugu, baina zure laguna da.

Min asko dago liburuan.

Bai, hala da. Baina saiatu naiz fikzioaren ezpala sartuta errealismo hutsetik pixka bat urruntzen. Eta hainbat elementu magiko ere badaude. Alegia, literatura da.

Idazlea garai jakin baten lekukoa da?

Ezetz esango nizuke, baina gero praktikan hori egiten dut. Neure burua beste egoera batean jartzeari beldurra diot. Alegia, iragana alboratu eta gaur egunean kokatutako istorioa idazteari. Hori izango litzateke neure buruarentzako erronkarik handiena: ‘ezin duzu hanka bat atzean jarri, bi oinak hemen dituzu’.

Ari zara zure burua tentatzen? Irakurleok gustura irakurriko dugu.

[Barreak] Ez, seguruena ez dut istoriorik izango kontatzeko.

Ipuingintza gutxietsia egon dela baina gauzak aldatzen ari direla esango zenuke?

Ez zait iruditzen gutxietsia egon denik. Ipuin hauek, batzuk, badira askoz gehiago luzatzekoak, nobela laburrak egitekoak, baina intentsitate hori probatu nahi nuen. Gutxieneko horretara ekarri eta... pum! Kondentsazioa, indarra, sugestioa... Zuk esan duzun azpiko ibai hori agerian utziz gero gauza handia da.

Eta zein ondo aukeratu behar den hitz bakoitza.

Ni oso txarra naiz dialogoetan. Esan izan didate Europa ekialdeko nobelak edo Portugalekoak diruditela. Giro itxia islatzen dutenak, dentsoak.

Azkar idatzi al dituzu?

Lehenengo idazketa ez da gehiegi luzatu; hori bai, gero denbora ematen dut artxiboa zabaldu, hitza kendu, ‘hau nola esango luke hark?’ galdetu neurekiko, lagunei pasatu, aldatu...

Zorteko zara horrelako lagunak inguruan izanda.

Bai, hala da.