GARA
BILBO

Sendagile Sindikatuarentzat ez da aski Lehen Arretarako 40 postu berri sortzea

Hilabeteko azken ostiralero bezala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familia eta komunitateko medikuntzako profesionalek elkarretaratzeak egin zituzten osasun zentroen aitzinean, Lehen Mailako Arretan duten baliabide faltaz ohartarazi eta instituzioei babesa eskatzeko.

Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren iritziz, Lakuako Gobernuak iragarritako Lehen Mailako Arretako 40 plaza berriak ez dira nahikoa Osakidetzako 135 osasun zentroetan jasaten ari diren «presioa» konpontzeko. Ohar batean, sindikatuak baieztatu du Osasun Sailak iruzur egin nahi diela eta bere Euskadiko Lehen Arretarako Estrategiak ez duela deus aldatuko.

Iragan asteazkenean Jon Darpon sailburuak aurkeztutako estrategia honek ez ditu, sindikatuaren iritziz, Lehen Mailako Arretako «egiturazko arazoak» konponduko. Hortaz, Osakidetzako arduradunei eskatu die «ausartak izateko eta adabaki gehiago ez jartzeko». Darponen dokumentua «asmo adierazpen hutsa da, lausoa eta zehaztugabea».

Jatorria eta irtenbidea

Euskadiko Sendagileen Sindikatuak azpimarratu du Lehen Arretako arazoaren jatorria duela urte batzuk sortu zela mediku faltagatik eta konponbidea ere, nahitaez, hor bilatu behar dela, eta arlo honetako profesional gehiago kontratatu. 40 mediku plaza sortuko dituela iragarri du Lakuako Gobernuak, baina sindikatuarentzat ez dira aski.

Azaldu duenez, aurreikusitako neurrien eragina –barneko mediku egoiliarren plazak eta EHUren Medikuntza Fakultateko ikasleen plazak gehitzea– hemendik 5 eta 11 urtera hasiko da nabaritzen, hurrenez hurren. Hortaz, «ez da, inondik inora, gaur egungo osasun zentroetan bizi den egoeraren irtenbidea».

Erantsi duenez, planean neurri kontraesanezkoak daude; adibidez, agenda eredua aldatzea, egun bakoitzean bisitatzen den paziente kopurua arrazionalizatzeko eta atzerapenak gutxitzeko. «Horrek lan karga handiagoa ekarriko die medikuei, egunean 40 paziente ari direlako artatzen eta ez 28 edo 29, Osasun Sailak dioen bezala». Aurkeztutako estrategiak «duela denbora bat hartu ziren neurriak berreskuratzen ditu, nahiz eta agerian gelditu ez direla eraginkorrak».

Sindikatuak adierazitakoaren arabera, lanaldia handitzea bultzatzea «porrota» dela egiaztatzeko aukera izan du Osakidetzak, medikuak lanez gainezka daudelako eta neurri sakonak behar direlako, ez ekonomikoak soilik.