Asier AIESTARAN
Erremontea

Sagardoaren Txapelketa bihar hasiko da Galarretan

Zortzi bikotek hartuko dute parte bi multzotan banatuta eta finalerdietan ere ligaxka jokatuko da.

Indarra hartzen ari da Sagardoaren Txapelketa erremontearen urteko egutegian, eta lehiaketaren bederatzigarren ekitaldia bihar bertan hasiko da Galarretan. Txotx garaia dela baliatuz, pilotazaleek aukera ederra izango dute Hernanin bertan goi mailako kirolaz gozatzeko.

Zortzi bikotek hartuko dute parte bi multzotan banatuta. Hala, A multzoan Segurola-Endika (Petritegi), Juanenea-Azpiroz (Larre Gain), Uterga-Labaka (Bereziartua) eta Urriza-Zaldua (Gaztañaga) egongo dira. Eta B multzoan, berriz, Ezkurra II-Garces (Gurutzeta), Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Etxarri-Ion (Altzueta) eta Ansa II-Agirrezabala (Setien).

Lehiaketa bihar arratsaldean hasiko da aurreneko partidarekin, Bereziartua eta Larre Gain nor baino nor, eta aurreko edizioetan bezala, multzo bakoitzeko bi onenek aurrera egingo dute. Aurtengo berrikuntza, ordea, finalerdietan helduko da, hor ere ligaxka jokatuko delako bi finalistak erabakitzeko.

Puntuazio sistema ohikoa izango da: lau puntu irabazlearentzat, bi 36 eta 39 tanto bitartean geratzen denarentzat, bakarra 31 eta 35 artean eginez gero, bat ere ez 26 eta 32 artean geratuz gero, eta puntu bat kenduko zaio 25 tanto edo gutxiago egiten dituen bikoteari. Puntu bat kentzearena da agian arraroena egiten dena. Binakako azken txapelketan jarri zen martxan araua, eta dirudienez Oriamendi enpresak begi onez ikusi du.

Bihar hasiko den aurreneko ligaxka fasea apirilaren 6an amaituko da, bigarrena apirilaren 11tik 27ra luzatuko da, eta finala maiatzaren 4an jokatuko da neurketa bakarrera.

Gurutzeta, aurten Urriza gabe

Iaz garaipena Gurutzeta sagardotegiarentzat izan zen, bere izenean jokatu baitzuten Urriza eta Garces irabazleek. Eta horregatik egin zen atzoko aurkezpen ekitaldia Gurutzeta sagardotegian, Astigarragan. Aurten, ordea, Urriza eta Garces banandu egin dituzte eta ezingo du bikote berdinak irabazi. Hori bai, Aritz Garcesek Gurutzeta defendatzen segituko du, kasu honetan Ezkurra II.arekin. Urriza, bestalde, Zalduarekin ipini dute Gaztañaga ordezkatuz, eta faboritoen artean egongo da berriro.