Maider IANTZI
DONOSTIA

Etxerik gabeko lagun bat hil da Donostiako Infernuko sutean

49 urteko gizonezko bat hil zen atzo Donostiako Zubiberri bideko eraikin batean, Infernu izeneko tokian, piztutako sutean. Goizeko 05.55ean hasi zen sua, etxerik gabeko pertsonak bizi ziren egurrezko lokal zahar batean, Ertzaintzak GARAri baieztatu zionez. Suhiltzaileek bost lagun atera zituzten eta horietatik bi Donostia Ospitalera eraman zituzten zaurituta. Seigarren pertsona lokal barrenean aurkitu zuten, hilda. Gertatutakoa argitzeko ikerketa zabalik dago.

Etxerik gabeko pertsona bat hil zen atzo goizaldean Donostiako Infernu deitutako gunean, gasolindegitik aurrera Lasarte-Oria aldera eskuinean dagoen eraikin zahar batean gertatutako sutean. Ertzaintzak zabalik du ikerketa eta atzo ez zekien oraindik zergatik eta nola piztu zen sua. 05.55ean izan zen, Zubiberri Bidea kalean dagoen abandonatutako fabrika batean.

Hildakoa gizonezkoa da, 49 urtekoa eta bizileku ezagunik gabea. Lehendabizi suhiltzaileak ailegatu ziren, baita udaltzainak ere, Ertzaintzak GARAri emandako datuen arabera. Segidan anbulantzia eskatu zuten erredurak zituen lagun bat artatzeko. Eraikinaren barruan zeuden bost pertsona atera ziren eta horietako bi Donostia Ospitalera eraman zituzten, bat kea arnastu zuelako eta bestea zango bat hautsita zuelako, sugarretatik aldentzeko salto egin ondoren. 09.20an, behin sua eta kea kontrolpean zituztenean, eraikinera sartu ahal izan ziren eta falta zen pertsona aurkitu zuten barrenean, hilda.

49 urteko gizonezkoa

Iturri berberen arabera, 49 urteko gizonezkoa zen, espainiar Estatukoa eta bizileku ezagunik gabea. Prozesu judiziala hasi zen, forentseek lanari ekin zioten eta ertzainek ikertzeari, sutea zergatik eta nola piztu zen jakiteko. Lokala egurrezkoa izanik, sua dezente zabaldu zen.

Efe agentziak ikerketa iturriak aipatuz jakinarazi zuenez, hildako gizona eraikinaren goialdean bizi zen, sutearen ondorioz ke gehien pilatu zen partean. 11.00ak pasatuta Donostiako Medikuntza Legaleko Institutura eraman zuten gorpua, bertan autopsia egiteko.

Udala, bizilagunen kargu

“El Diario Vasco” egunkariak erantsi zuenez, goizeko lehen orduan joan zen Donostiako alkate Eneko Goia Infernura. Udaleko Zerbitzu Sozialak fabrika abandonatuan gaua pasatzen ari ziren lagunen kargu egin, eta aterpe batera eraman zituzten.

Egunkari beraren arabera, goizean larrialdi zerbitzuek drone bat hegaldatu zuten kiskalitako eraikinaren inguruan, Amenabarren jabetzako eraikinean gertatu zenaren irudi errealago bat izateko helburuz.