2019/03/02

Sarrionandiaren mundu poetikoa zuzenean «Kalaportu» ikuskizunean

Hamaika musikari eta pare bat idazle. Euskal Herri osoan bost aldiz eskainiko da «Kalaportu» ikuskizuna. Eta Sarrionandiaren letrak zuzenean eskainiko dituzte Gernikako Audience taldeak eta hainbat bakarlarik. Martxoaren 15ean Bilbon hasi eta Gasteizen, Donostian, Baionan eta Iruñean arituko dira, Korrika Kulturalaren karietara. Loraldiak antolatu duen sentikaririk handienean, Bilbotik Euskal Herrira, Sarrionandiaren mundu poetikoa.

Patxi GAZTELUMENDI|BILBO
0302_kul_loraldia

Mundu poetiko oso bat sortu du Joseba Sarrionandia idazleak azken 40 urteotan. Eta bere letretatik sortutako 150 abesti baditu euskal kantutegi garaikideak. “Hau da ene ondasun guztia” disko-liburua plazaratu zuen Txalaparta argitaletxeak duela 20 urte, 1999. urtean.

Berriki kaleratu dira “Gure oroitzapenak” film laburrez osatutako filma eta izen bereko beste disko-liburu bat; Sarriren hitzekin osatutako 32 kantu biltzen zituen azken disko bikoitzak.

Orain mundu eta sorkuntza literario hori guztia oholtza gainera eramango dute “Kalaportu” ikuskizunaren bitartez. Hamaika musikari eta beste hainbeste kantu zuzenean. Mundu poetikoa, bakarlari eta rock munduko ahotsen eskuetan. Zuzeneko bost emanaldi Euskal Herri osoan.

Audience taldeak orkestrarena egingo du ikuskizunean, eta kantariak Arriagako agertokitik igaroko dira banaka edo binaka datorren martxoaren 15ean: Ines Osinaga (Gose), Miren Narbaiza (Mice), Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Dana (D’Capricho) eta Joseba Irazoki eta Beñat Axiari, besteak beste. Bi idazle eta beraien testuak gidari: Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano.

Audience taldeak “Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak” bilduman (Bidehuts, 2012) “Lili bat” abestiaren bertsioa egin zuen. Oraingoan, kantu beraren beste bertsio bat bildu dute “Gure oroitzapenak” bildumara. «Talde gutxi egongo dira kantu beraren bi bertsio egin dituztenak, baina gu oso pozik gaude», aitortu zuen Audience taldeko gitarra-jotzaile eta kantari ere baden Gaizka Insunzak. Taldeak musikari guztien bertsioak prestatu ditu eta bost kontzertuetan bakarlari eta kantarien atzean arituko dira. Beraien “Lili bat” bertsioa ere interpretatuko dute.

«Gure erronka estilo eta belaunaldi ezberdinetako letra eta kantu guztiei kohesio puntu bat ematea izango da» esanez aurreratu zen Gaizka; «gureak ez diren abestien moldaketa egingo dugu, baina errespetu handiarekin; baina era berean ez diogu uko egingo Audience taldearen izaerari», adierazi zuen zintzotasun osoz Gernikako musikariak.

Berarentzat «garrantzi handiko letrak dira Sarrionandiarenak, belaunaldi eta musika estilo ezberdinetan ezagutu ditugunak gainera». Audience taldeak 2017an “Isla” diskoa grabatu zuen Kuban, eta bertan Angel Azkarraga Matxitxarekin harreman estua izan zuten. Matxitxa bera izan zen “Gure oroitzapenak” egitasmoa abian jartzeko oinarria jarri zuena, Sarrionandiaren mundu poetikoa zineman eta musikan biltzeko asmoarekin. Orain taula gainean zuzenean gozatzeko modua izango da.

Korrika Kulturala

«Euskal kulturaren jaialdi garrantzitsua da Loraldia, eta Korrika Kulturalak Bilbotik haratago eramango du ‘Kalaportu’ ikuskizuna», Asier Amondo 21. Korrikaren arduradunaren hitzetan. Aurreko edizioan Joseba Sarrionandiak idatzi zuen Korrikako lekukoak gordetzen zuen mezua, eta aurtengoan ilusio berezia dute AEK-ko kideek Korrika Kulturalaren baitan ikuskizun hau Euskal Herri osoan erakusteko.

Hona hemen bost hitzorduak: Martxoaren 15ean Bilboko Arriaga antzokian, martxoaren 21ean Gasteizko Printzipalean, 23an Baionako Antzokian, Donostiako Victoria Eugenian 24an eta azkenik Iruñeko Gayarre antzokian izango da Kalaportu ikuskizuna martxoaren 28an.

«Loraldiaren eta Korrikaren artean izandako elkarlanetik sortu den emaitza» dela azpimarratu zuen Asier Amondo Korrikako arduradunak.

PARTEHARTZAILEAK


Audience taldeak orkestrarena egingo du eta kantari hauek igaroko dira Arriagako agertokitik: Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Eñaut Elorrieta, Dana, Joseba Irazoki eta Beñat Axiari. Bi idazle ere bai: Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano.