A.A., M.T., I.S.
Donostia

Plana ez ezik, aurrera egiteko lantaldea ere egon badago

Kursaalera laguntzera joan zirenen artean, jende heldua zen nagusi. Gehituko zaizkie gazteagoak herrietan, izena jada eman baitute. Babesa eskatu eta beren plana azaltzera joan zirenen artean, ordea, GARAko lantaldearen izenean hitz egin zutenen artean, alegia, batez besteko adina gazteagoa zen.

Lapurretari aurre egiteko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko plan bat duela ez ezik, plan hori aurrera eramateko lantaldea baduela ere adierazi nahi izan zuen GARAk atzo. Horregatik, aurkezpena korala izan zen, taldekoa.

Hurrenez hurren, Maite Bidarte, Iñaki Soto, Iñaki Altuna, Iraia Oiarzabal, Mertxe Aizpurua, Beñat Zaldua, Ion Telleria, Eider Olazar, Jean-François Lefort Lof, Ibai Azparren eta Ane Urkirik planaren nondik norakoak azaldu zituzten.

Bidartek batzarraren helburuak zehaztu ondoren, GARAren proiektua nondik datorren aldarrikatu zuten, 40 urteko kazetaritza tradizio baten barruan kokatuz. Iraultzailea izateraino berritzailea izan den tradizioan, hain zuzen. Eraldaketa etengabe horretan, gaur egun egiten ari den berrikuntza sakona azpimarratu zuen Oiarzabalek.

«Etorkizuna» hitzarekin batera, «herria» izan zen berba aipatuenetako bat. «Nostalgia gabe», baina sorrerako «motibazio eta espirituari» eutsi behar zaiola defendatu zuen Aizpuruak. Bide batetik edo bestetik, xedea jendearengana heltzea baita. Horretxegatik, «transmedia» ereduari erreparatu zioten Zalduak eta Telleriak, Internetek ekarri duen iraultza hizpide. Irratia ere hor sartzen da, Olazarren hitzetan. NAIZ IRRATIAk euskarari egingo dion ekarpena ere aipatu zuen, alor horretan ematen ari diren urratsen erakusle.

Komunikabide nazionala

NAIZen «arrakasta» behin baino gehiagotan azaldu zen, sekulako krisia duen sektorean arrakasta beti «erlatiboa» dela ahaztu gabe. Zorraren harira izan dituzten hartu-emanetan, Sotok errespetua sumatu du. «Sarri, uste duguna baino indar handiagoa dugu», gehitu zuen. Altunak, ordainketa-etendurak iraun dituen hamabost urteotan, «berriro zerotik ez hasteko izandako obsesioa» nabarmendu zuen. Proiektuaren funtzio sozial eta politikoa beti gogoan izanik, «konpromisoak hartzeko eta berritzeko garaia» dela esan zuen.

Ipar Euskal Herrian eman den aldaketa eredugarriaren adibide gisa, “Mediabask”-ek egindako lana azaldu zuen Jean-François Lefortek.

Azparrenek eta Urkirik kazetari gisa trebatzeko izaten ari diren aukera eskertu zuten. Biak umeak ziren GARA jaio zenean. Hogei urte eta gero, kinka honetan, ez daude atzera egiteko prest.