Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zentroaren teilatua arazo!

Asteko berriei begira eta… aspergarria gero! Azken asteen bidetik… edo, agian, nire buruaren urria albisteei begiratzeko, Jainkoak baleki! Tira! Praileaitzeko barrunbeetan animalien aztarnak topatu. Ez, Gaboneko sugea ez, elefante familiako ugaztun handi baten orpo hezurrak eta hartz baten letaginak. Eta hartzetan nagoela, albistearen letra txikietan miatzen egonda ere ez dut susmatu garaiko artzapezpikuren baten atzaparrik topatu dutenik hor. Gezurra dirudien arren Praileaitzen fraide hezurrik ez. Omen. Amen! Hortaz, ez dakit prentsan edo ametsean izan den baina hauxe daukat buruan: Elizak immatrikulatu egin duela Gorbeiako parke naturala; nonbait, tontorreko gurutzea aitzakia hartu eta, hara!, parke osoa Elizara! Piztiak eta guzti! Ume ehiztariak eta guzti!

Prentsako paperetan ilustratzen segitu eta hara zer leitu dudan! Euskal pilotari batek podiumean ikurrina astindu eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak hura zigortu! Gero zigorra leundu arren. Horixe kolpea! Hamaika ikusteko gara gero! Miope izanda ere! Zer eta Euskal Pilota Federazioak ikurrina zigortu! Hau mundu aldrebesa! Laster ikusiko ote Espainiarteko Patata Tortilla Espainiarraren Federazioaren Aurkako Zuzenbide Estatu Espainiarra (EPTEFAZEE) piper-potoa zigortzen? Ez, feikniuz balitz ere!

Tira, pilotaren harira! Arazoa ez da pilota, inondik inora ez, arazoa teilatua izan da beti, politika jokoan horma den teilatua, pilota guztiak bueltatzen dituen hormatzarra. Eta horrekin batera, Federazioak ulertzeko modua ere arazo. Nik neuk Euskal Federazioa dut neure buruaren teilatuan, apenas ormarik. Distantziak ulertzeko modua ezbaian. Finean, non jartzen du bakoitzak “0 kilometroa”! Horrek markatu zentroa eta periferiak. Eta gaur-gaurkoz periferietan jokatzen ari da demokrazia. Periferia guztiak zentro bihurtu! Erronka.