Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO KULTURA

Euskal herritarren protagonismoa Alacanteko «Cuentamontes»-en

Arteen, Letren eta Mendiko Kirolen XI. Gala Eldan egin da. Ohi bezala, mendiko kulturarekin lotutako sariak banatu dituzte.

Iaz arte, gure ingurumari honetan Cuentamontes elkartea ezezaguna zen. Mendiko kultura bultzatzen duen Alacanteko talde horrek bisita egin zigun, eta badirudi gurean ere oihartzuna izateko asmoa duela. Eta hori diogu Cuentamontes taldeak antolatutako Arteen, Letren eta Mendiko Kirolen XI. Galan euskal herritarrek protagonismoa hartu dutelako. Ekitaldi nagusi hori joan den otsailaren 23an egin zen, Elda herrian.

Gogora dezagun, Cuentamontes elkarteak mendiko sormen lanak bultzatzen dituela, eta oso era egokian bultzatu ere. Urtero legez, kultur diziplina ezberdinak jasotzen dituen sariak antolatu ditu. Lau, hain zuzen: literatura, argazkilaritza, pintura eta zinea. Literaturari dagokionez, bestalde, hiru deialdi egiten dira: nobela laburra, ipuina eta poesia.

Lehiaketok antolatzeaz gain, Cuentamontes elkarteak beste hainbat aitortza banatzen ditu literaturarekin, elkartasunarekin, zabalkundearekin... lotuta. Eta sari horiek guztiak biltzeko eta banatzeko urtero gala bat antolatzen dute. Urte batean Petrer herrian eta bestean Eldan. Aurten, aurreratu dugun bezala, azken herri horretan egin da. Hain zuzen ere, Castelar antzokian.

Hamaikagarren ekitaldia ikusi genuenok lasai asko esan dezakegu oso atsegina izan zela. Izan ere, egitarau koloretsua antolatu zuten: dantza, musika eta ingurumari hartan hain ezagunak diren Cid de Carasesen gnomoen agerraldia.

Eta berezia bada ere, “saltsa” horretan guztian euskal herritarrek protagonismoa izan zuten. Berezia diogu Alacant Euskal Herritik urrun dagoelako. Baina badirudi hemen ere Cuentamontes oihartzuna hartzen ari dela. Eta ez hori bakarrik, aurtengo ekitaldian ikusi dugunez, alacantarrek euskal ekarpena txalotzeko keinu bat egin nahi izan dute. Irakurri bezala sari asko banatzen dira, eta horien artean euskal “ordezkari” hauek jaso dituzte aitorpenak: Javier Valero eta Arkaitz Yurritak, “Al otro lado de la cuerda” dokumentalarekin, Rafa Elorzak, “El indigente” ipuinarekin, “Pyrenaica” aldizkariak, Antxon Iturrizak, Juan Vallejok, Alberto Iñurrategik eta Mikel Zabalzak.

Rafa Elorzaren kasuan, ipuin lehiaketan finalista izan da “El indigente” obrarekin. Epaimahaiak adierazi digunez, ez dute batere lan erraza izan: «Azken fasera 25 lan iritsi dira, tartean kalitate handiko ipuinak, maila oso paretsukoak guztiak ere. Rafa Elorzaren ‘El indigente’ hor kokatu behar da». Finalista hernaniarrak aitortu digunez, pozarren dago jasotako aitortzarekin: «Batez ere, beste hamar finalistekin partekatu dudalako ohore hori. Ni ez bezala, gainera, beste guztiak benetako idazleak dira, sari ugari irabazi eta obra asko argitaratu dituztenak».

“El indigente” Everesteko ohiko bidean dagoen hego lepoan girotutako misteriozko ipuina da. Hain zuzen ere, Elorzak izaera horretako kontakizunak atsegin ditu: «Batez ere, kutsu fantastikokoak. Guztietan norbanako soilek izaten dute protagonismoa».

Bestalde, Mendiko Zinemaren lehiaketan, “Al otro lado de la cuerda” dokumentalak jaso zuen saria. Gogora dezagun Javier Valero eta Arkaitz Yurritak zuzendutako lana dela. “Al otro lado de la cuerda” eskaladako dokumental onenaren sariarekin egin da zehazki. Lan horren zuzendariak ez ziren oholtzara igo, eta haien izenean Juan Carlos Igueruleak eskertu nahi izan zuen epaimahaiak emandako saria.

«Pyrenaica» eta besteak

Ondoren, beste aitortza batzuk ere iritsi ziren. Eta horietan ere euskal herritarrak eta euskal aldizkari bat protagonistak izan ziren. Lehenbizikoa oholtzara igotzen Luisa Alonso Cires izan zen. “Pyrenaica” aldizkariaren izenean Cuentamontes elkarteak ematen duen Zabalkundearen Saria jaso zuen. Antolatzaileek onartu digutenez, sari hori ematerakoan ez zuten buruhauste handirik izan: «Erabakia erraza izan da. Jakin badakigu, ‘Pyrenaica’ aldizkariak euskal mendizaleen artean garrantzi handia duela. Eta oihartzun hori Alacantera ere heldu da».

“Pyrenaica” aldizkariaren zuzendariak, lehenik eta behin, mendiko kultura bultzatzen duen taldea eskertu nahi izan zuen. Jarraian, bildutakoei aldizkariaren berri eman zien: «Aldizkaria Euskal Mendizale Federazioan federatuta dauden 34.000 mendizaleen etxeetara iristen da. Dagoeneko 93 urte bete ditu, eta, hasieran bezala, lan eta kolaborazio guztiak era boluntarioan egiten dira».

Elkartasunaren Saria, berriz, Juan Vallejo, Alberto Iñurrategi eta Mikel Zabalzarentzat izan zen. Hain zuzen ere, hirukote horrek iaz Gasherbrum II mendian eginiko erreskatea baloratu dute. Bideo baten bitartez, Zabalzak jasotako aitortza eskertu nahi izan zuen: «Ekintza espontaneoa izan zen. Italiar mendizale bat arriskuan zegoela esan eta bitan pentsatu gabe hura erreskatatzera joan ginen».

Oholtzara igotzen azkena Antxon Iturriza izan zen. Bere ibilbidean idatzitako obra guztien aitortza gisa jaso zuen Literatura Saria: «Ezustekoa hartu dut; ez nuen aitortza hau espero. Batez ere, Euskal Herritik kanpo jaso dudalako. Bide batez, Cuentamontes txalotu behar dut mendiko kulturaren alde egiten duen lanarengatik».

Amaitzeko, Cuentamontes elkarteko koordinatzaile Manolo Maestrek onartu digu oso pozik daudela izaniko arrakastarekin: «Guk ere ezusteko ederrak hartu ditugu. Adibidez, lehiaketa ezberdinetan inoiz baino obra gehiago jaso ditugu. Eta azpimarratu nahi dut kalitateak gora egin duela; izan ere, Espainia mailan sarituak izan diren egile askok parte hartu dute. Erakusketak, zinea... indartzeko saioa ere egin dugu. Bestalde, Zabalza eta enparauek eginiko erreskatea azpimarratzekoa iruditu zaigu. ‘Pyrenaica’-arekin ere argi eta garbi geneukan, besteak beste, aldizkari garrantzitsua izateaz gain, askatasun demokratikoarekin egiten dutelako lan. Eta Iturrizarekin beste hainbeste gertatu zaigu. Estatu espainiarrean idazle gutxi daude mendiko obra oparoa dutenak, eta horietako bat Iturriza da. Erabakitzeko orduan ez genuen inolako zalantzarik izan».