Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Egia-ostea

Egun inoiz baino gehiago, jendearen iritzia edo jarrera sozialak aldatzeko modua eraldatu egin da, batez ere, sare sozialen eraginez. Hauteskundeak irabazteko kanpaina modura edo ideologia konkretu bat hedatzeko asmoz «think tank» bidez egiak baino gehiago egiantzak dira azpimarratzen. Egiantzak dira gainazaleratzen, egia bigarren mailara pasatuz, ez dio inporta nola, gezur andana baten bitartez estaliz edo egia bera desitxuratuz, erdi gezurrak esanez edo egia erdiak testuingurutik at erabiliz; denak balio du askotan irentsi ezineko informazio bulimikoaren erdian iritzi publikoa polarizatzeko, gai bat biral bihurtzeko edo jendearen emoziorik primitiboenak elikatzeko.

Horrela, nahas-mahas egitate objektiborik gabe ekoitzitako egiantza hauek beren efektua lortzen dute jendarte batek edo jende multzo batek gezurra barneratu eta onartzen duen arte. Foucaultek esango lukeen bezala gezurra fabrikatzea jendartea kontrolatzeko modua baita.

Espainiako eskuin guztien muturreko aldaera ezberdinen –dela politikari dela hedabideetako editorial– egiantzak horretara bideratuak dira aspaldion, hitzez zein irudiz pentsamendurik arrazistenean, homofoboenean edo ultrakatolikoenean endrokaturik baitaude. Egiantza horiek instrumentalizatuz beren idearioa hedatzen dute, eta hala, Espainia handia, erregea eta Guardia Zibila dute goraipatzen, etorkina dute estigmatizatzen, LGTBI kolektiboa aberrazioa iruditzen zaie, estaturik gabeko nazioak ukatzen dituzte, feministak «feminaziak» dira, Kataluniako agenda ETAren agenda da; Euskal Herria Espainia da; hispanitatea arorik distiratsuena da, ez Espainiarena, mundu osoarena baizik; gizon eta emazteen arteko ezkontza tradizionala dute defendatzen, tauromakia eta ehiza funtsezkotzat jotzen dituzte edo abortua dute txarresten.

Paradoxikoki egia-ostearen garaiotan, egiaren aldeko borroka inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, egiaren bitartez eraikiko baitugu ezkutatu nahi duten errealitate hori.