Letrak eta artea uztartuko ditu Gutun Zuria jaialdiak apirilean
Irudi, musika eta arte bisualen eremuarekin bat egingo du literaturak Gutun Zuria jaialdian. Hitzak egungo artearen ardatza hartuko du, baina beste kultur adierazpideekin bat eginez. Argitaletxe independenteen topaketa, idazleen arteko solasaldiak, artista bisualen mahai-ingurua edota musika ikuskizunak izango dira Bilboko Alondegiko ekitaldien artean. Irudiak eta hitzak, artea eta letrak, Euskal Herriko sortzaileak eta nazioartekoak, denak bat eginda.

Aldous Huxley idazleak «Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu» galdera pausatu zuenean, gogoeta eragin zuen irakurleen artean. Galderak Bilbon izango du oihartzuna apirilaren 2tik 6ra bitarte burutuko den Gutun Zuria nazioarteko letren jaialdian.
Huxleyk berak argudiatu zuen liburutegi bat erretzea alferrikako ekintza dela, «liburuak berriz irakurri eta eduki ahal direlako», Fernando Perez Alondegiko zuzendariak adierazi zuenez.
«Programazioko esparru ezberdinak harremanetan jarri eta garaikidetasunaren egunerokotasunari bidea eman nahi diogu Gutun Zuria jaialdian», Fernando Perezek aipatu zuenez, artea eta letrak uztartu eta ikusgarri eginez. «Gutun Zuriaren edizio honetan hitzak liburuetako orrien mugak gainditzen ditu eta irudiaren, musikaren eta praktika artistikoen bidez ematen da aditzera».
Apirileko Liburu Egunarekin bat egingo du aurtengo jaialdiak, eta aste pare bat aurretik 15 kultur emankizun, topaketa, mahai-inguru eta solasaldi eskainiko ditu Bilbon, apirilaren 23an ohikoak diren ekitaldiei aurrea hartuz. Jaialdia Maialen Lujanbioren aurkezpenarekin hasiko da. Lujanbiok hitzaren eta arte adierazpide ezberdinen arteko zubiak landu ditu orain arte, eta zubiak izango dira bere ekitaldiaren ardatza. Sarrera hitzaldia apirilaren 2an, asteartearekin, izango da, 19.00etatik aurrera, Alondegiko auditoriumean. Biharamunean, Joan Fontcuberta, Cristina de Middel eta Agustin Fernandez Mallo buruz buru arituko dira fikzio fotografikoaren inguruan.
Aurtengo edizioan Beñat Sarasola idazlea aholkulari moduan aritu da talde antolatzailearekin, eta nabarmentzekoa da bere ekarpena egitarauan. Apirilaren 4an, Xabier Gantzarain eta Harkaitz Cano idazleek, literaturaren eta artearen arteko harremanaz mintzatuko dira, bereziki arteak Canoren literaturan izan duen presentzia aztertuz, “Hitz beste” deitu dioten elkarrizketan. Aspaldiko lagunak dira Gantzarain eta Cano, eta Xabier Gantzarainek egin izan ditu Harkaitz Canoren liburuen azal ugari. Biek Lubaki Bandan egin zuten topo, eta urteak geroago elkarrekin aritu eta entzuteko parada izango da Bilbon. Biharamunean Danele Sarriugarte, Beatriz Chivite eta Eric Dicharry idazleek mahai-inguruan bat egingo dute, euskal literaturako ordezkari gisa.
Egun berean, Bernardo Atxagak eta Oskar Alegriak solasaldia egingo dute elkarrekin. “Emak bakia” filmaren egilea den Alegriak Atxaga ere sartu zuen bere lanean, besteak beste “Emak bakia baita” kultur ekimena sortu zutelako Atxagak eta Ordorikak. Man Ray zinemagilearen irudiaren atzetik Emak Bakia etxearen xerka aritu zen Alegria bere filmean. Zinema, artea, literatura, hizkuntza eta beste ideia ugari landuko dituzte bien arteko solasaldian, ez oso aspaldi Orion Jorge Oteizaren sorkuntzaren inguruan aritu ziren gisara.
Asteartetik larunbatera, Gutun Zuria letren jaialdian egunero izango da zer ikusi eta zer entzun. Goizetan batez ere tailerrak eta bisitak izango dira. Veronica Gerber Bicecci mexikarrak, idatzi egiten duen artistak, “Hitzak suntsitzea ederra da" tailerra eskainiko du bi egunez, eta beste bietan Consonnik argitaletxe independenteen topaketa antolatu du. Hamar argitaletxe batuko dira bertara.
Egunero “Inoiz ez erreala, beti egiazkoa” erakusketan bisitak egingo ditu Ivan de la Nuez artistak. Azken honek, Iñaki Esteban eta Beñat Sarasolarekin batera, Gutun Zuriaren aholkulari taldea osatu du, eta Alondegiko programazio arduradunei laguntza eskaini diete. Ivan de la Nuez artista eta kritikariak adierazi zuenez, «artearen bidez idazleen ikuspegia» landu gura izan dute aurtengo edizioan. «Kultura narratiboa, artearen bitartez egia bilatzeko, idazketa areagotzeko», azken batean.
Jose Lezama Lima poetaren «artea kontatzeko artea» kontzeptuarekin bat egingo du Gutun Zuria letren jaialdiak. Izan ere, literaturak irakurlea baizik ez du behar, baina Bilbon ospatuko den nazioarteko letren hitzordu honek irakurleak, ikusleak, entzuleak batuko ditu, arte eta kultura diziplina ugari uztartzen dituen jaialdia delako.

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas
