Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Buruz burutzea da kontua

Gaurko gosaria arinagoa izan dut; denboraz nago orain. Ohiko zapatuetan denbora dezente ematen diot kafeari nik hartua izan aurretik. Eskuan dudan prentsa da horren motibo; badakizu, paperak aurrera paperak atzera leituz ilustratu gurarik... Baina gaur ez dut halakorik izan; okinak nire ohiko kazeta bat ez du atean utzi, eta bestea utzi bai baina, ezinbestez, orritan mugatua. Horretara gaurko gosariaren arina!

Bai, gaurko zapatua ezohikoa da, ezohikoa izan den bariku baten biharamuna delako. Bai, gaur-gaurkoz, atzoko barikua ohiz kanpokoa izan da; bihar-etzi ohiko asteguna izateko bidean… Egunero gauzatzen ari den geroaldiaz nago. Hortaz, hauxe kolpea! Txikitan, garaiko eskolan, «futuro perfecto» ikasi genuen patio-aldi aurreko gramatika orduetan, eta hara! Orain euskal gramatikan zelan eta «geroaldi burutua»! Ez esan kolpea ez denik! Gerora begira, perfektua dena burutua da! Hots, burutua izan arte ezer ez da perfektua…

Barikuan kale-plazetan aldarrikapenak lau haizetara, ahobizi. Aldarrikapenak kalean bai, ezinbeste, baina erabakiguneak aterpean daude, eta hantxe gauzatzen dira, gaur-gaurkoz, aldarrikapenak. Hantxe behar belarriprest! Eguneroko tirabira dugu hori, gorputzaldi onean mantentzeko lagungarri.

Hortaz, «Change the Change» esatea... tira! Batzuek bi aldaketa 360 graduko buelta ulertzen dute, 180koa behar denean; «change» batekin nahiko da, hori bai, «burutua». Klima Aldaketa hemen da; kontuak atera, Bermeoko portura jada izurdeak zatika heltzen dagoz! Ama, ama! Goitik datorren aldaketari aurre egin behar diogu lurretik, atzekoz aurrera. Buruz burutzea da kontua. Horretarako inertzia asko gainditu behar, hesi handienak buruan direla. Aste honetan hasi da inertzia bat sikiera gainditzen, emakume baten heriotzak ekarria: bizitza eskubidea da, ez betebeharra!