2019/03/10

Kronika
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
XABIER TERREROSEK POLTSIKORATU DU FINALERAKO TXARTELA ETXARRI ARANATZEN

NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETAK AZKEN GELTOKIAK BIZI DITU. ATZO, ETXARRI ARANATZEN, XABIER TERREROSEK LORTU ZUEN FINALERAKO TXARTELA, 360,5 PUNTU BILDU ETA JULIO SOTO FABORITOARI AURRE HARTUTA. GAUR LESAKAN JOKATUKO DEN AZKEN FINALAURREKOAN ITXIKO DA FINALEKO ZORTZIKOTEAREN ZERRENDA.

Amagoia MUJIKA
0310_kul_bertso

Nafarroako Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartuta da. Gaur, igandea, jokatuko da Lesakan finalaurrekoetan azkena eta bertan jakingo da finalisten zerrenda. Atzo arratsaldean Etxarri Aranatzen jokatu zen azken-aurreko finalaurrekoan Xabier Terrerosek kinielak hankaz gora jarri eta lehen postua lortu zuen, 360,5 punturekin. Hartara, hilaren 23an Iruñean jokatuko den finalerako zuzeneko txartela lortu du Terrerosek.

Xabier Terrerosek puntada politak josi zituen. Badu gaiei eta egoerei ertz oso propioak marrazteko gaitasuna eta atzo ere asmatu zuen printza horiekin. Kartzelako ariketan, puntuei goitik erantzun zien eta gaia ere polito josi zuen.

Oholtzara igo ziren sei bertsolariek hauxe izan zuten kartzelako bi bertsoak osatzeko gaia: «Diru aunitz da. Hala ere, aintzinera egin duzu». Terrerosen lehen alea: «Gaztea eta nekazaria, gaur egun ez da normala/ ba nik halaxe nahi nuke orain irauzi nere jornala/ familiako baserri zaharra berritzeko eginahala/ milioi bat euro bankuekin zor, hipotekaren itzala/ lurretik jaso lurrari eman, hartu-eman naturala/ belaunalditik belaunaldira ikasi dudan bezala».

Julio Soto bigarren geratu zen, bi puntura, 358,5 punturekin. Une askotan saioko onena izan zen ideietan eta joskeratan. Hala ere, bi poto erori zitzaizkion bidean, bat hamarreko txikian eta, bestea, puntuari erantzuten. Akaso hortik bere puntuazioa.

Sotoren kartzelako lana dotorea izan zen, doinu berri batean emana: «Jakizue ofizioz kazetaria naizela/ ahalegintzen naiz kentzen ahaztuari errezela/ jakin nuen Arantzazun zeozer pasatu zela/ bortxaz umeren batzuek edo ukitu zituztela/ gaur gizon bat etorri zait, maletina ta papela/ ‘hi egon hadi ixilik ta hartzak gure epela’/ ordea kazetaritzan lehenbiziko erregela/ da egia badakizu esan egin behar dela».

Julen Zelaietaren printzak

Julen Zelaietak saio gorabeheratsua osatu zuen. Hala ere, bere bertsokeraren distirak agertzen asmatu zuen. Arratsaldeko bere lehen bertso puntuatua, ederra. Iker Gorosterrazurekin batera, 30 urtez elkarrekin bizi eta gero, elkarrekin bai, baina bakoitza bere etxean bizitzeko aukera aztertzen ari den bikotearen azaletik abestu zuten. «Nere bronkak ta nere zurrunkak, nerbio eta antsia/ ta bertze zera hori ere dugu aspaldi xamar ahantzia/ nik harremana mantendu nahi dut, badu bere garrantzia/batzuk denbora eskatzen dute guk ordea distantzia».

Laugarrena, Iker Gorosterrazu izan zen, 338 punturekin. Hamarreko txikian arratsaldeko puntatako bat marraztu zuen Sotorekin batera. Gazte Asanblada bereko bi kideren azalean aritu ziren. Ikerrek ez du erreleborik ikusten. Julio, baikorra da.

Hauxe, Gorosterrazuren lehena: «Militantzian jada hiru hamarkada/ gaztekin konektatzen bertatik bertara/ ilunetik argira hainbertze parada/ baina orain ikusi duguna bistara/ zaharrez beteta dago gazte asanblada». Eta goitik segitu zuen bigarrenean, «...etorkizuna balitz horrela nahiago/ baina parean zer den ikustear nago/ gazteria geldi ta zatituta dago».

Bosgarren Diego Riaño izan zen, 307,5 punturekin. Bidean apartatzeko modukoak utzi zituen, nahiz eta kartzelakoan gaitik urrundu eta akaso zapore mikatzaz amaitu. Seigarrena, Iban Garro, 304,5 punturekin, irristatuz eta asmatuz, bietatik. Gaur, hitzordua, Lesakan.